Angela Benitez: "'Pikuak' websaileko lantaldeak oso ondo hartu nau, eta oso gustura aritu naiz lanean"

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 2a, 12:48
Angela Benitez aktorea.

Hilabete honetan estreinatuko dute Pikuak websaila, Maddi Castrok zuzendutako hiru kapituluko euskarazko eta umorezko ekoizpen feminista. Angela Benitezek (Azkoitia, 1990)  parte hartu du aktore moduan, eta fornikofilia duen pertsonaia hezurmamitu du bertan. Antzeztea txikitatik gustatu izan zaiola dio Benitezek, baina iaz hasi zen antzerki eskolak hartzen Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean. Lehen aldia du Benitezek halako ekoizpen batean parte hartzen duena.

  •  Nolakoa da zure pertsonaia Pikuak websailean?

Pikuak websaileko nire pertsonaia film porno bateko castingera aurkezten da. Gorputzeko leku erogenoetan intsektuak jartzea gustatzen zaien pertsonak dira fornikofiloak. Pornoan esperientzia duen neska bat da, bere amona eta ama porno izarrak izandakoak baitira. Websailaren castingera joan nintzen lehen aldian, Maddi Castro zuzendariari ideia batzuk proposatu nizkion, eta bigarren castingerako zerbait desberdina eramatea pentsatu nuen. Hala, begira jardun nuen sarean jendeak zer gustu edo filia zituen, eta orduan ezagutu nuen zer zen fornikofilia. Zuzendariari gustatu egin zitzaion ideia eta hortik sortu zen nire pertsonaia.

  • Euskaraz, umoretik eta ikuspegi feministatik egindako websaila da Pikuak, sare sozialetan aipatzen denez.

Hiru pisukideren harremanez hitz egiten du ikus-entzunezko honek. Gaur egungo belaunaldiak harremanak egiteko zein modu erabiltzen dituen kontatzen du, orain, sarritan, sare sozialak erabiltzen baitira ligatzeko. Protagonistetako batek Tinder aplikaziotik mutil bat ezagutzen du, eta harekin gau arraro bat pasa ondoren, beste bi pisukiderekin porno feminista egiten hastea erabakitzen du. Beraz, casting bat egitea erabakitzen dute, eta orduan agertzen naiz ni.

  • Nola heldu zitzaizun websail horretan parte hartzeko aukera?

Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE) nabil ikasketak egiten, eta gure tutoreak Pikuak websailerako aktore bila ari zirela esan zigun; halaxe animatu nintzen. Normalean castingetan eskatzen duten adin tartetik pasatu egiten naiz, eta Pikuak websailerako ere halaxe gertatzen zen, baina azkenean aurkeztea erabaki nuen, eta hartu egin ninduten.

  • Nolako esperientzia izan da bertan parte hartzea?

Asko gustatu zaidan esperientzia izan da. Orain arte hainbat filmetan eta telesailetan figurante bezala ibili izan naiz, eta oraingoa eszenan hitz egiten nuen lehen aldia izan da. Pikuakeko lantaldeak oso ondo hartu nau, eta oso gustura aritu naiz lanean.

  • Gaur egun, modan dagoen formatua da websailena. Inoiz parte hartu al duzu beste websailen batean?

Nire lehenengo websaila izan da, eta guztiz formatu berria izan da. Oso formatu interesgarria eta desberdina iruditzen zait. Grabatzerako orduan ez da asko aldatzen, orain arte egin ditudan lanen antzekoa izan da prozesua, baina pentsatzen dut produkzio aldetik desberdina izango dela.

  • Zein beste proiektutan parte hartu duzu aktore moduan?

Hainbat film laburretan parte hartu dut. Horrez gain, Antzerki Eszenikoen Tailerrean ere egin ditugu antzerkiak; bi lauhileko ditu ikasturte bakoitzak, eta lauhileko bakoitzeko antzerki bat prestatzen dugu. Telebistan, Ahora Caigo programan lehiatu nintzen. Zineman, berriz, Ventajas de viajar en tren filmean figurante moduan agertu nintzen; pelikula hau, gainera, Zestoako Arozena hotelean grabatu genuen. Bestalde, La línea invisible filmean ere azaldu naiz.

  • Noiz eman zenituen lehen pausoak interpretazioan?

Txikitatik gustatu izan zait antzeztea. Zer ikasi nahi nuen pentsatzen hasi nintzenean, argi nuen interpretazioa ikasi nahi nuela, baina ez nuen informaziorik horren inguruan. Ez da berdina irakasle, ingeniari edo aktore izan nahi duzula esatea, jendeari aktore izan nahi duzula esatean arraro begiratzen baitizu. Aurretik, beste ikasketa batzuk egin nituen, eta orain dela bi urte interpretazioan murgiltzea erabaki nuen; berdin zitzaidan 30 edo 40 urterekin, baina banekien noizbait egingo nituela antzerki ikasketak. Nire buruari esan nion egin beharreko zerbait zela, bai edo bai. Donostiako Arte Eszenikoen Tailerraren berri neure kasa izan nuen eta joan den urtean eman nuen izena. Orain, lanean nagoenez, lan murrizketa eskatu dut ikasketa horiek egin ahal izateko.

  • Antzezterakoan zein formatutan sentitzen zara erosoen?

Eskolan, gehienbat, antzerkia lantzen dugu, baina zinema gehiago interesatzen zait. Dena den, han ikasten ari naizenak bietarako balio dit; adibidez, pertsonaiak garatzerako orduan han jaso dudan formazioa oso garrantzitsua da.

  • Nola daramazu castingak egitearena?

Ez da erraza. Azkena egin nuen casting batean ez ninduten hartu, eta nire eskolako bi ikasle hautatu zituzten bigarren mailako pertsonaien roletarako. Nire buruari galdetzen nion ea zer egin ote nuen gaizki. Justu, orduan, ikasle horietako batek hanka hautsi zuen, eta haren partez lan egiteko deitu zidaten. Azkenean, castingetan zerbait konkretuaren bila dabiltza, eta zuk konturatu gabe kontrakoa eman dezakezu, pentsatuta hori izan daitekeela onena. Frustragarria da, baina horrelakoak dira castingak.

  • Hemendik aurrerako proiekturik ba al duzu buruan?

Momentuz ez dut beste proiekturik buruan. Joan den urtean, Después de la lluvia izeneko antzezlan bat egin genuen eskolan, hasiera batean irakasleak George Orwellen Rebelión en la granja liburuaren egokitzapena egitea nahi bazuen ere. Lehenengo ikasturteko ikasleentzat, ordea, antzezlan hura konplikatua izan zitekeela iruditu zitzaion irakasleari, eta azkenean ez genuen egin. Ikasturte honetan sorkuntzara bideratutako ikasgai bat dugu, eta agian Rebelión en la granja antzezlana egitea proposatuko diot irakasleari, obra hori egiteko gogoarekin gelditu bainintzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide