Joseba Diaz garaile, III. Euskal Kosta Krosean

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 29a, 13:44
Joseba Diaz azkoitiarra helmugara iristen.

Atzo, zapatua, III. Euskal Kosta Krosa jokatu zen Getarian, eta Joseba Diaz azkoitiarra izan zen helmugara iristen lehena. 1:10:57 denbora egin zuen Diazek.

Getaria, Zarautz eta Zumaia zeharkatzan dituen III. Euskal Kosta Krosa jokatu zen atzo, zapatua, eta Joseba Diaz azkoitiarra jaun eta jabe izan zen maratoi erdian. Azkoitiarrak 1:10:57 denbora egin zuen lasterketan, eta bigarren sailkatuari ia lau minutuko aldea atera zion.

Azkoitiarrak UROLA KOSTAKO HITZAri egindako adierazpenetan Euskal Kosta Krosa gogorra egin zitzaiola aitortu zuen, orain arte mendi lasterketetan ibili izan baita gehienbat: “Menditik gatoz, baina sufritu dugu majo. Aldapek min eman digute” azaldu zuen. Probako zatirik gogorrena amaierako izan zela azaldu zuen Diazek: “Nahikoa azkar hasi gara, eta azken kilometroa izan da gogorrena, hainbeste ibili ondoren, hankek larri amaitu baitute” zioen. Halere, lasterketa "oso polita" izan zela aitortu zuen azkoitiarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide