"Aurreko diskoa entzun duena harritu egingo da oraingoaren kalitatearekin"

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 27a, 15:12

Bihar, larunbata, ikusiko du argia Hartz taldearen Gaueko diskoak. Mungiako (Bizkaia) Abadetxe sorlekuan grabatuta, bigarren lanak aurrekoak baino soinu landuagoa eta rockeroagoa duela azpimarratu dute hango kide Beñat Rodriguez azkoitiarrak (ahotsa, gitarra), Jon Barkin azpeitiarrak (baxua) eta Jorge Fernandez zumarragarrak (bateria). 

Nolako diskoa da Gaueko?

Soinuari dagokionez, aurreko diskoa baino landuagoa da, eta rock kutsu handiagoa du. Aurreko diskoa entzun duena harritu egingo da oraingoaren kalitatearekin. Izan ere, soinua asko landu dugu, eta hori emaitzan antzeman egin dela iruditzen zaigu.

Abestietako letrei eta transmititu nahi den mezuari garrantzia eman nahi izan diozue orain arte. Lehengo ildotik jarraitzen al duzue?

Bai, inguruan ikusten ditugun arazoen edota gertaeren inguruan idazten dugu, hala nola Altsasuko gazteen auziaz edota sare sozialez. Askotariko gaiak jorratu ditugu disko honetan.

Hausnarketarako bidea zabaldu nahi al duzue abestiekin?

Bai, gustatzen zaigu jendea pentsarazteko letrak idaztea eta musika sortzea.

2016 urtean, bi lagunek sortu zuten Hartz, baina taldearen formatua eta taldekideak aldatu egin dira azken urteetan. Egun, hiruko formatuan aritzen zarete. Egonkortu egin al da taldea?

Iaz batu zen Jorge taldera, eta oso gustura gaude berarekin. Izan ere, taldean ekarpen asko egin ditu hark, eta hori abestietan islatzen da, abestiak landuagoak baitira orain. Egun Hartz osatzen dugun taldekideok oso gustura eta gauza gehiago egiteko gogoz gaude. Hasiera batean, taldea egonkortuta dagoela esan genezake.

Xabi Agirreren gidaritzapean grabatu duzue diskoa, Mungiako Abadetxe sorlekuan. Zer moduz joan da grabaketa prozesua?

Oso ondo. Egundoko esperientzia ona izan da Xabirekin grabatzea. Aurretik ezagutzen genuen Xabi, urtarrilean abesti akustiko bat grabatu genuelako berarekin. Oraingo diskoa grabatzerako orduan berarekin pentsatu dugu, eta hasieratik izugarrizko inplikazio maila erakutsi du; beti azaldu da prest. Gainera, Xabik belarri freskoekin entzun ditu abestiak, eta horrek asko lagundu digu. Izan ere, gu egunero genbiltzan abestiekin bueltaka, baina Xabik ekarpen ugari egin zituen, eta diskoan asko antzematen da hori.

Grabaketaz arduratzeaz gain, ekoizle lanak ere hark egin ditu. Asko sartu da proiektuan, eta eskerrak eman behar dizkiogu, berarengatik izan ez balitz diskorik ez genukeelako izango.

Diskoa aurkezteko kontzerturik eskainiko al duzue inguruan?

Momentuz, ez daukagu emanaldirik zehaztuta. Urolan kontzerturen bat lotzeko negoziaketetan gabiltza orain, baina momentuz ez daukagu ezer. Kontzerturen bat lotzen dugunean, sare sozialetan emango dugu horren berri.

Non eros daiteke diskoa?

Asteburutik aurrera, Azpeitiko Orkatz kultur elkartean egongo da salgai, eta ziurrenik Azkoitiko Zakela kultur elkartean eta Zumarragako Motz tabernan ere eskuratu ahal izango da, 10 euroren truke. Sare sozialen bidez gurekin harremanetan jarrita ere bidali ahal izango diogu diskoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide