Argentinako Coral del Mar eta Parrokiako abesbatzen kontzertua izango da ostiralean

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 24a, 10:37
Argentinako Coral del Mar abesbatzako kideak.

Ostiralean, hilak 27, Argentinako Coral del Mar abesbatzak eta Parrokiako abesbatzak kontzertua eskainiko dute Santa Klara komentuan. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta doan izango da. 

Argentinako Coral del Mar taldea Azkoitian izango da ostiralean, hilak 27, eta kontzertua eskainiko du Santa Klara komentuan Parrokiako abesbatzarekin batera, 20:00etan hasita. Argentinarrak beren abesbatzaren 15. urteurrena ospatzen ari dira, eta Espainiako hainbat lekutan barrena biran ibili ostean, Euskal Herrira iritsi dira. 

Coral del Mar abesbatza 2004. urtean sortu zen Patagoniako Comodoro Rivadavia hirian, eta 18-30 urte arteko gazteek osatzen dute taldea. Taldekideetako batzuk, gainera, Argentinara emigratu zuten azkoitiarren seme-alabak dira. 

Argentinarrekin batera agertokira igoko dira Parrokiako abesbatzako kideak ere. Azkoitiarrak hasiko dira kantuan, eta besteak beste, Aita Madinaren Aita Gurea kantua nahiz Benigno Arrietaren Ave María abestiak kantatuko dituzte Santa Klarako komentuan. Coral del Mar abesbatzakoek, aldiz, Castilla eta Valladaresen Canción de las cantinas eta Eladia Blazquezen Corazón del sur abestiak, beste hainbaten artean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide