Hainbat azkoitiar saritu zituen Gipuzkoako Igeriketa Federazioak, atzo

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 22a, 17:27

Joan den denboraldian emaitzarik onenak lortu zituzten igerilariak saritu zituzten Baztartxon egindako ekitaldian, tartean Joanes Txurruka, Elene Sudupe eta Olaia Gaitan azkoitiarrak. Gainera, Maialen Sudupe omendu zuen herriko igeriketa komunitateak, Udalarekin elkarlanean.

Gipuzkoako Igeriketa Federazioak Igeriketako Kirol Gala egin zuen atzo, Azkoitian. Lurraldeko 22 kirol klubek parte hartu zuten Baztartxo antzokian egindako ekitaldian, eta federazioak joan den denboraldian emaitzarik onenak lortu zituzten igerilariak saritu zituen. Horien artean izan ziren Joanes Txurruka, Elene Sudupe eta Olaia Gaitan azkoitiarrak. Gainera, Azkoitiko igeriketa komunitateak, Udalarekin batera, Maialen Sudupe omendu zuten.

Guztira, 72 banatu zituen federazioak, igeriketan, igeriketa artistikoan, waterpoloan eta zeharkaldietan emaitza onenak lortu dituzten igerilariak sarituz. Joanes Txurrukak bi sari jaso zituen, batetik, Neguko ligako kimu mailako bigarren saria, eta bestetik, denboraldi amaierako kimu mailako 3. saria. Olaia Gaitanek, berriz, benjamin B mailako hirgarren saria eskuratu zuen. Azkenik, kimu mailan, Elene Sudupek bigarren saria jaso zuen.

Igeriketa Gala aprobetxatuz, Azkoitiko igeriketa komunitateak, Udalarekin elkarlanean, Maialen Sudupe igerilaria omendu zuen. Azkoitiarrak urrezko eta zilarrezko dominak lortu zituen Udako Junior eta Absolutuen Espainiako Txapelketan, eta bere lana aitortzeko, oroigarria jaso zuen Angel Martin zinegotziaren eskutik.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide