Gaztanenea Formakuntza Zentroko bost gela erabilgarri jarri ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 20a, 15:10

Gaztanenea Formakuntza Zentroan hainbat egokitzapen lan egin du Udalak azken hilabeteetan, eta besteak beste, bost gela erabilgarri jarri ditu HIzkuntza Eskola Ofizialeko ikasleentzat. Izan ere, han ikasten dutenek orain arte soilik beheko solairua erabiltzen zuten, eta orain, Udalak eskolaren esku utzi du lehenengo solairua ere, han sor daitezkeen "beharrei erantzuteko" asmoz.

Udalak adierazi duenez, instalazio elektriko berria jarri dute, baita berogailu sistema moldatu, lurra berritu, ate eta leihoak konpondu, eskailerak bernizatu eta hormak margotu ere. 40 metro koadrotik gorako bi ikasgela, 15 eta 20 metro koadroko beste bi ikasgela edo bulego, komunak, eta 27 metro koadroko auto ikaskuntza gela bat daude lehenengo solairuan. Udalak agindu du hurrengo urratsa igogailua jartzea izango dela, "irisgarritasuna bermatzeko".

Gaur, ostirala, Eibarko Hizkuntza Eskolako zuzendari Begoña Urrutikoetxea eta hango eta Azkoitiko irakasleak izan dira berrikuntzak ikusten, Azkoitiko Udal ordezkariekin batera. Udalaren arabera, irakasleak "oso pozik" daude egindako lanekin. Guztira, hamar ikasle talde izango dira datorren ikasturtean. Oraindik ez dituzte azken matrikulazio datuak eman, baina kopuruak "altuak" direla adierazi du Urrutikoetxeak. Era berean, frantsesa ikasteko dagoen eskaria azpimarratu du zuzendariak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide