Azkoitian egingo dute Gipuzkoako Igeriketako Kirol Gala, larunbatean

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 17a, 16:35

Joan den denboraldiko igerilari onenak sarituko ditu federazioak ekitaldian. Egitasmoa aprobetxatuz, Igeri egitearen poza, kirolaz haratago mahai-ingurua antolatu dute herriko hainbat taldek.

Gipuzkoako Igeriketa Federazioak antolatzen duen Igeriketako Kirol Gala egingo dute datorren larunbatean Azkoitiko Baztartxo antzokian. Joan zen denboraldian emaitzarik onenak lortu zituzten igerilariak sarituko dituzte ekitaldian, eta antolatzaileen arabera, sari bereziak ere banatuko dituzte. Hain zuzen ere, igeriketan, igeriketa artistikoan, waterpoloan eta zeharkaldietan egindako lorpenak aitortuko dituzte saioan.
 
11:00etan hasiko da kirol gala, eta Gipuzkoako 22 klubek egingo dute bat han. Federazioak duela lau urte berreskuratu zuen egitasmoa, hainbat urtean bertan behera utzita egon ostean. Ordutik, Donostian, Legazpin eta Ordizian ospatu dute gala.
 
Arratsaldean, solasaldia
 
Goizean federazioak egingo duen ekitaldia aprobetxatuz eta oihartzuna lortu nahian, Zubiaurre igeri elkarteak, Marea Urdinak eta Instalakuntza Duinak Orain taldeak gaiari lotutako beste saio bat antolatu dute arratsalderako; izan ere, Igeri egitearen poza, kirolaz haratago mahai-ingurua egingo dute 17:30ean, Elkargunean, eta han parte hartuko dute Ane Aranbarri azkoitiarrak, Aritz Orbegozo azpeitiarrak eta Maider Gaztañaga ordiziarrak. Goi mailako igerilariak izandakoak dira hirurak, baina egun, beste modu batera praktikatzen dute kirol hori; hain zuzen ere, kirol emaitzetatik haratago, bakoitzak bere esperientzia azalduko du solasaldian.

Pablo Dominguez Zubiaurre igeri elkarteko ordezkariak adierazi duenez, ikuspegi humanotik landuko dute gaia. "Mila modu eta mila arrazoi daude kirola praktikatzeko. Gu uretan murgiltzen gara, kirolaz haratago doan gozamena ematen digun ekintza delako. Besteak beste, igeriketak sozialki zer onura sor ditzaken azaldu nahi dugu saioaren bidez", gaineratu du. Xabier Barquerok gidatuko du solasaldia, hainbat alorretan banatuta. Saioa denentzako irekia izango dela azpimarratu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide