Joseba Beristain: "Zinemagile gisa pentsatzen dut musika sortzerakoan"

Urola Kostako Hitza 2019ko ira. 4a, 11:30
Joseba Beristain. (Argazkia: Ane Olaizola)

Filmei, telebista saioei eta iragarkiei musika jartzen die Joseba Beristainek (Azkoitia, 1978). 'Elkano, lehen mundu bira' filmaren soinu banda egin du, eta hilaren 15ean emango dute lana Baztartxon. 'Urola Kostako Hitza'-k hari egindako elkarrizketa da honakoa.

Nola deskribatuko zenuke Elkano, lehen mundu bira filma?

Polita da, erraz ulertzen dena eta entretenigarria. Harrigarria bada ere, Elkanoren inguruko filmik ez zegoen orain arte. Lanak oinarri historikoa du, baina ez da dokumentala; historiako une garrantzitsuak hartu eta abenturazko filma egin dute. Batez ere, haurrei zuzendutako lana da, eta gauza asko kendu edota disimulatu egin dituzte, gertaerak biolentoak izan zirelako.

Musikalki ere ondo geratu da. Ekoizleek argi zuten abenturazko film honi ondoen egokitzen zitzaion musika sinfonikoa zela. Zerbait handia egin nahi zuten, eta Euskadiko Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin osatu dugu soinu banda. Filmaren 80 minutuetatik 60k musika dute; beraz, musikak tarte handia du.

Soinu bandak egiten dituen musikaria zinemagilea ere badela esana duzu. Zergatik?

Ez dago musika neutrorik. Aurrean duzun irudiak eta istorioa ulertzeko moduak zugan eragina izaten du, eta zentzu horretan, filmaren beste elementu askok bezala, musikak ere laguntzen du istorioa kontatzen. Horregatik diot soinu banda egiten dugunok zinemagileak ere bagarela. Musikari ona izateak ez du bermatzen soinu banda egile ona izatea. Soinu bandek egitura eta kode jakin batzuk dituzte, eta horiek sortzen dituenak zinemagile gisa pentsatu behar du: zer da kontatuko den istorioa? Nola kontatuko dugu eta musikak nola lagunduko du horretan? Besteak beste, lagun dezake isilduta, pertsonaia bakoitzarentzat musika jakin bat sortuta…

Gidoigintzako ikastaro bat ere egindakoa zara. Ezagutza horrek lagundu al dizu soinu bandak sortzeko orduan?

Donostiako Larrotxene kultur etxean bi urtez ikasi nuen gidoigintza Isabel Alba idazlearekin. Aspalditik nabil film laburrak-eta sortzen, eta gidoigintza zinema barrutik ezagutzeko ikasi nuen. Izan ere, gidoia egitea da filma sortzeko lehen pausoa. Asko gozatu nuen ikastaroan, eta hura egin nuenetik, filmak beste garbitasun batekin ulertzen ditut. Musika sortzerakoan ere zinemagile batek bezala pentsatzen dut, eta zentzu horretan, zinemagiletzat dut nire burua. Filmaren istorioa egituratzerakoan musikak nola lagun dezakeen ikastea ahalbidetu dit gidoigintza ikastaroak.

Nolakoa izan da soinu banda Donostiako Orfeoiarekin eta Euskadiko Orkestrarekin grabatzea?

Halako ekoizpen handi batek emozio asko sortzen ditu, tartean urduritasuna. Denbora mugatua genuen sortutako piezak grabatzeko, baina banekien orkestrak ondo joko zuela. Soinu banda ugari zuzendutakoa den Fernando Velazquezek gidatu zuen orkestra. Konfiantzazko lantaldea nuen, eta horrek izugarrizko segurtasuna eman zidan. Hala ere, beti dago halako kezka bat. Esperientzia ederra izan da, ordea. Zatika grabatzen dute orkestrek: sokazko tresnek alde batetik, metalezkoek bestetik... Eta oraindik ez dut izan orkestra zuzenean eta osorik entzuteko aukerarik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide