Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren historiari buruzko erakusketa zabalduko dute Torre Zurin

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 13a, 10:52

Bihar, abuztuak 14, irekiko dute erakusketa, eta 11:00etatik 14:00etara Diego Garcia, Martin Fiz eta Alberto Juzgado atletek 1994ko Europako Atletismo Txapelketan domina bana eskuratu zutela gogorarazteko kaleratu dituzten kamisetak salduko dituzte.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek Txapeldun historiak erakusketa zabalduko dute Azkoitiko Torre Zuri aretoan. Erakusketa bihar, abuztuak 14, irekiko dute, eta bertan, lasterketaren historia biltzen duten argazkiak edota hedabideetan argitaratutako albisteak jarriko dituzte ikusgai. Era berean, bihar 25 urte beteko dira Diego Garcia, Martin Fiz eta Alberto Juzgado atletek domina bana eskuratu zutela Helsinkin jokatutako Europako Atletismo Txapelketan, eta lorpen handi hura gogoratzeko kaleratu dituzten kamisetak jarriko dituzte salgai. Kamisetak 11:00etatik 14:00etara bitartean erosi ahalko dira bihar.

Probaren antolatzaileek aurreratu dutenez, 2020ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia martxoaren 28an, larunbatez, jokatuko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide