Uda Azkoitian pasatzen ari diren haur sahararrak hartu ditu udalak

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 6a, 18:13

Aljeriako kanpamenduetan bizi diren bi neskatila etorri dira aurten herrira Darahli elkarteak sustatzen duen Oporrak Bakean programaren bidez.

Azkoitiko Udalak harrera egin die gaur uda Azkoitian pasatzera etorriak diren bi haur sahararrei eta haien harrera familiei. Aichatu Ahmed Salem eta Nayat Mustafa Hach dira saharar errefuxiatuen Aljeriako kanpamenduetatik Azkoitira etorri diren bi neskatilak, eta haiekin eta haien Azkoitiko sendiekin egon da Janire Igoa Ongizateko zinegotzia.

Darahli Mendebaldeko Sahararekiko Elkartasun Elkarteak sustatzen duen Oporrak Bakean programari esker etorri dira haurrak Azkoitira. "Errefuxiatuen kanpamenduetan jaio eta hazitako umeak dira. Hona etorri arte, Interneten eta liburuen bidez ezagutu dute soilik errealitatea eta hemen ibaiak, mendiak, basoak, itsasoa, eta abar ikusteko aukera ematen zaie, bertako umeekin elkarbizitzeko, errefuxiatuen egunerokotasunetik atera eta munduaren beste aurpegi bat ezagutzeko aukera, hain zuzen“, adierazi du Igoak.

Azkoitiko Udalak diruz laguntzen du Darahli elkartea, umeak hartzera animatzen diren familiei laguntzeko. Aurten, Lurdes Alberdiren eta Garazi Salegiren familietara etorri dira Saharako umeak. Esperientziarekin gustura agertu dira Azkoitiko familiak: "Familia euskaldunontzat ere oso aberasgarria da, eta sentsibilizatzeko zein hausnarketarako balio izateaz gain, etengabeko ikaste prozesu bat bihurtzen da hartu-emana. Denok irabazten dugu".

Haurrei udako hilabeteetan basamortutik ateratzeko aukera eta han eskura ez dituzten hainbat erraztasun eskainteaz gain –oinarrizko mediku azterketak eta elikadura egokiagoa, esaterako–, Saharako herriaren errealitatea ezagutaraztea ere bada Oporrak Bakean programan parte hartzeb dutenen helburua: "44 urte pasa dira Espainiako Estatuaren oniritziarekin Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik, eta urte horietan guztietan sahararren giza eskubideak zapalduak izan dira. Saharar asko Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamenduetan daude, munduko deserturik lehorrenaren erdian,  bizirautera behartuta".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide