Andramaixek 2019

Koldo Campos: «Oinarrizkoena grabatzen hasi aurretik ideia on bat izatea da, gidoi on bat»

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 13a, 12:35
Koldo Campos, bere bi alabak eta Rocio del Castillo.

Koldarrak antzerki taldearen barruan, Koldo Campos Sagasetak eta haren lagun Rocio del Castillok eman dute izena aurtengo film laburren lehiaketan parte hartzeko. Gidoia Camposek idatzi du, eta bera ibili da zuzendari lanetan. Del Castillok, berriz, alor teknikoan lagundu du, eta hark grabatu ditu eszena guztiak; horrez gain, muntaketa lanak ere hark ondu ditu. Aktore lanetan, haien alabak eta ezagunen seme-alabak aritu dira. Guztira, bost aktore inguratu dituzte.

Hiru aldiz aurkeztu da Campos, eta 2012. urtean bigarren saria ere irabazi zuen. Dirusariarekin, Igeldoko parkera joan ziren familian egun-pasa. Del Castillok, berriz, aurreneko urtea du: «Camposek laguntza eskatu zidan, eta nik baiezkoa eman nion. Nik bakarrik ez nuke egingo, lan handia delako dena egitea. Baina Koldok garbi du zer lortu nahi duen, eta horren bila joan gara; ea lortzen dugun», azaldu du Del Castillok. Camposek, berriz, idaztea atsegin du eta antzerkia maite du. Horregatik, asko gustatzen zaio horrelako lehiaketetan parte hartzea. «Nire alabei, zaharrenari gehienbat, ilusioa egiten zien elkarrekin film laburra grabatzeak, eta, batez ere, beragatik animatu naiz aurten», gaineratu du Camposek.

Hiru egunetan egin dituzte grabaketa lanak, eta muntaketa lanak beste pare bat egunetan. «Ume batzuk udalekuetan ibili dira, eta, txandaka, libre zuten egunetan grabatzen aritu gara. Aktoreen egun libreen arabera antolatu ditugu, beraz, grabaketa egunak». Camposek dio hori izan dela bideoa gauzatzeko lanik zailena: «Guztiok batera grabatzeko denbora edukitzea izan da zailena».

Irudien eta soinuaren kalitateari garrantzia eman diote taldean. «Aktoreen espresioei ere garrantzi handia eman die Koldok, jestuei. Planoak aukeratzerakoan jestu onena dutenak aukeratu ditu», dio Del Castillok. Kalean eta elkarte batean grabatu dute ia dena. «Bi toma egin ditugu, bat bideoarekin eta bestea bideo kamerarekin. Ez dira material profesionalak. Horregatik, nahiko lan izaten da audioa ondo entzuteko». Hala ere, Camposen ustez, ideia ona izatea da garrantzitsuena: «Irudien kalitatearen, soinuaren eta gidoiaren artean oreka egotea ezinbestekoa da. Baina oinarrizkoena grabatzen hasi aurretik ideia on bat izatea da, gidoi on bat. Aktore onenek disimulatu ahalko dute agian gidoi txar bat, baina disimulatu bakarrik».

Camposek gaineratu du agian bi film labur aurkeztuko dituztela, oraingoz bat grabatu duten arren. Pelikuletako batean, hainbat gaztek aitortuko dute beldurrik ez dutela: ez otso basatiari, ez sorginei, ez iluntasunari, ez bakardadeari… Erakutsiko dute jendearen axolagabekeriari bakarrik diotela beldurra, beste aldera begiratzen duen jendeari. Bigarren film laburrak, berriz, ez du testurik izango: neska gazte batek ilunabarrean bakarrik oinez doala atzetik pauso batzuk entzutean sentitzen duen beldurra irudikatuko du.

Bestalde, gainerakoen film laburrak ilunak izango direla sumatzen hasita dago Campos: «Fantasmak-eta agertuko dira bideo gehienetan. Uste dut gainerako parte hartzaileek beldur handiagoa nork pasarazi erakusteko bideoak sortuko dituztela. Gurea, berriz, ez da horrelakoa izango: beldurrari barre egingo diogu guk».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide