Andramaixek 2019

Azkoitiko Musika Banda: «150 urteko ibilbideari egindako aitorpena da txupinazoa botatzea»

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 12a, 11:03

Azkoitiko Musika Bandak botako du aurtengo andramaixetako txupinazoa. Bandako kide dira Oihana Etxaniz Garcia (Azkoitia, 1987) eta Ane Plazaola Larrañaga (Azkoitia, 1993), eta eurekin elkartu da Maxixatzen. Etxanizek hemeretzi urte daramatza musika bandan, eta Plazaolak hamabost. Oraindik ez dakite nork izango duen suziria pizteko ardura, baina argi dute 150 urtean musika bandan ibilbidea egin duten musikari guztiak izango dituztela gogoan.

Andramaixetako txupinazoa botako duzue. Nola hartu duzue berria?

Bai, ustekabean harrapatu gaitu. Ez genuen espero, eta ezustekoa izan da, baina gustura jaso dugu berria. Poza hartu dugu. 150 urte eginda, ohorea da txupinazoa botatzeko aukera izatea. Ez genuen espero andramaixetako txupinazoa botako genuenik, baina musika bandak 150 urtean lan handia egin du, eta ondo merezia du.

Hainbeste lagun izanda, denok ezingo zarete igo balkoira. Erabakita daukazue nork botako duen?

Oraindik ez dugu erabaki. Duela egun gutxi jakin genuen berria, eta datozen egunetan pentsatuko dugu nork izango duen aukera. Entseguren batean hitz egin beharko dugu, baina ona litzateke musika bandan urte asko daramatzan kide batek botatzea. Besteok, berriz, agertokian egon beharko dugu, txupinazoa bota ondoren Ondo pasau andramaixek abestia jotzeko. Bi lan egin beharko ditugu aurten aldi berean.

Nolako txupinazoa izatea nahiko zenukete?

Gure asmoa beste urteetako bideari jarraitzea da. Pentsatzen dugu hitzen batzuk prestatuta eramango ditugula udaletxera. Besteetan bezala, Ondo pasau andramaixek eta Azkoitia abestiak jo eta kalejira egingo dugu txupinazoaren egunean.

Inor izango al duzue gogoan une horretan?

Musika bandan ibilbidea egin duten musikari guztiak izango ditugu gogoan: gure artean ez daudenak eta musika banda utzi dutenak. 150 urteetan musika bandan egon diren kide guztien omenez izango da.

Nolakoa da egungo egoera Azkoitiko Musika Bandan?

Taldean 35 lagun inguru gara. Astean entsegu bat egiten dugu, astearteetan 20:00etatik 22:00etara. Halere, asteburuan kontzertua badugu, ostegunean ere egiten dugu entsegua. Giro ona eta jatorra dugu taldean. Lotura handia sortu da gure artean, eta harreman ona dugu. Osasuntsu dago.

Musikak garrantzi handia du andramaixetan. Zuek gabe zer litzateke txupinazoa?

Tristea; hutsune handia sortuko luke gure faltak. Musikak egiten du jaia, eta festa giroan beharrezkoa da musika. Azkoitian andramaixetako berezitasuna da Ondo pasau andramaixek abestia. Festetako edozein unetan jartzen dutenean, gora etortzen gara guztiok. Hunkigarria da txupinazoan abestia entzutea.

Erraza da jaietan festa sortzaile izatea?

Batzuetan gogorra egiten da; gazteak gara eta gustatzen zaigu bestelako andramaixek ere pasatzea. Txupinazoaz gain, bi kontzertu ematen ditugu festetan, abuztuaren 15ean eta 16an. Ez da egunero izaten, eta konpromisoa dugu, erantzun beharra dugu. Merezi du sakrifikatzea.

Zein da festetako egunik onena?

Abuztuaren 14a eta 18a dira guretzat onenak, 14an hasi egiten direlako, eta 18an kuadrilla eguna izaten delako.

Andramaixetarako goizo hasten zarete kontzertuak prestatzen?

Ohikotasunez aritzen gara. Uztailean ez dugu izaten kontzerturik, eta horrek ahalbidetzen du denbora gehiago izatea andramaixetako bi kontzertuak prestatzeko.

Herritik atera ohi zarete kontzertuak emateko?

Garai batean gehiago irteten ginen: Usurbilera, Azpeitira... Herritik irtenda ikusten da beste herrietan nola lantzen duten musika banda. Harrera ona izaten dugu beste herrietan ere. Aspaldian irten gabe geunden, baina aurten Getarian izan gara. Iaz, haiek hemen izan ziren, eta trukean aurten gu izan gara han. Aurrera begira, ez daukagu ezer itxita.

Herrian zenbatean behin ematen dituzue kontzertuak?

Gutxi gorabehera, bost astetik behin ematen dugu kontzertua. Ekintza finkoetan parte hartzen dugu, hala nola errege kabalgatan, Aste Santuko prozesioan, haurren zein helduen danborradetan… Horiez gain, bi hilean behin-edo ematen ditugu kontzertuak.

Zerbait behar du musika bandak? Zerbait falta du?

Agian, zerbait esateagatik, metalezko musika tresnen jotzaileak falta dira. Gazteon artean ohikoa da klarinetea, flauta eta saxofoia jotzea. Ea jende gehiago animatzen den metalezko musika tresnak ikastera. Bestela, ez zaigu ezer falta aurrera egiteko.

Zer berrikuntza egin dituzue azken urteetan?

Errepertorio aldetik aldaketak egin ditugu: lehengoa ahaztu gabe, abesti berriak sartu ditugu. Lehen klasikoagoak jotzen genituen, orain modernoagoak. Plaza Berriko kontzertuan, musika banda ikusteko beste ikuspuntu bat ematen dugu. Kontzertu asko Baztartxon ematen genituen, baina Kontzejupean emanda lortu dugu jendearengana iristea. Gure helburuetako bat zen, eta esango genuke orain jendeak musika bandaren beste ikuspuntu bat duela.

Proposamenak zuzendariaren bitartez ala guztion artean egiten dituzue?

Zuzendariak ekartzen du proposamena, baina irekia izan ohi da. Kontzerturako errepertorioa izaten dugu, baina norbaitek proposamen bat badu, esan egiten du entsegu egunean. Zuzendariak ikusten du proposatutako abesti hori kontzertu batean edo bestean nola txertatu, eta jo egiten dugu. Gabon zaharretako kontzertuan jotzen ditugun abestiak, berriz, bandako kideok aukeratzen ditugu. Urte osoan jotako abestiak aukeratzen ditugu bozketa bidez.

Aurten liburua kaleratuko duzue.

Azaroan aurkeztuko dugu liburua, Gu banda, Azkoitiko musika banda: zaletasun baten historia. Idazle lanak Irene Elorzak egin ditu, Txanboli zuzendari ohiaren alabak. Arenasek ere asko lagundu digu informazioarekin eta argazkiekin. Inprimategira bidaltzeko moduan dago, ia bukatuta. Mende bat baino gehiago jasoko ditu, eta hainbat gai jorratuko dira: besteak beste, entsegu lekuak, arropak, emakumeen presentzia, elkarrizketak eta anekdotak.

Zerk egiten du berezi Azkoitiko musika banda?

Kultur garapenaren eta sozialaren agente nagusia izan da musika banda herrian. Giza balio handia du, bai partaideontzat bai gainerako herritarrentzat. 150 urte betetzeak egiten du berezi gure musika banda. Beste herrietako musika banda askok ez dute aukerarik izan hori esateko. Oso indartsu dago bandan bakoitzak duen musika taldeko kide izatearen sentimendua. Gainera, familia asko gaude taldean, hala nola anai-arrebak, aita-alabak… Horrek ere berezi egiten du gure banda.

Etorkizunera begira, zein dira asmoak?

Sekula ez dugu planteatu musika banda uztea. Konturatzerako pasatu zaizkigu urteak. Ahal dugun bitartean, musika bandan jarraituko dugu. Beste gauza guztietan bezala, uztartu egin behar izaten dugu musika banda bizitzan, baina ez dugu uzteko asmorik.

Abuztuko Maxixatzen aldizkarian kaleratutako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide