Andramaixek 2019

Musika Bandak botako du andramaixetako txupinazoa

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 18a, 09:27
150 urte bete ditu aurten Azkoitiko Musika Bandak.

Azkoitiko Udalak gaur jakinarazi du andramaixei hasiera nork emango dion: Azkoitiko Musika Bandak botako du 2019ko andramaixetako txupinazoa.

150 urte bete berri ditu Azkoitiko Musika Bandak, 1868an ekin baitzion bere ibilbideari. «Urte guzti horietan herrian eta herriarentzat egin du musika, gizon eta emakumeei dantzarako gonbita luzatuz eta kaleetan zoriontasuna zabalduz», azaldu dute Udaletik. «Duen historiagatik» eta «herritar guztiok bandarekin dugun zorra arintzeko modua delako», aurtengo andramaixetako txupinazoa botatzeko ohorea Azkoitiko Musika Bandak izango du, zahazki, 'Ondo pasau Andramaixek!' aurretik eta festa leherraraziz.

«Musika bandarik gabe, Azkoitia ez litzateke basamortu musikal bat izango, hor daudelako, besteak beste, txistulariak, dantza taldeak, abesbatzak edota Bizkargi Musika Eskola ere, baina apur bat tristeagoa izango litzateke», nabarmendu du Udalak. «Abuztuaren 14an udaletxeko balkoira igo eta txupinazoa botatzeko arrazoiak sobera ditu musika bandak eta ondo merezia du herriaren txalo zaparrada», gehitu dute.

Udaleko festa batzordeak atzo, asteazkena, adostu zuen erabakia alderdi guztien oniritziarekin. Urtero legez, txupinazoa bota aurretik, 11:30 inguruan, omenaldia egingo zaio taldeari udaletxean, eta ekitaldira gonbidatu ditu Udalak musika bandatik igaro diren musikariak eta gaur egungo kideak, «banda bere sentitzen dutenak» eta bertaratu nahi duten herritar guztiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide