Baztartxon jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako bat

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 16a, 14:20

Azaroaren 2an, zapatua, jokatuko dute Baztartxo Antzokian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako saioa. Unai Izagirre bertsolari azkoitiarrak urriaren 5ean hasiko du txapelketa, Lasarte-Orian.

Oñatiko Santa Ana Antzokian hasiko den 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan 48 bertsolarik hartuko dute parte. Hiru hilabete iraungo ditu txapelketan eta finala abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Illunben. Saio guztietarako sarrerak zein bonuak irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Sei saio izango ditu irailaren 14an hasi eta abenduaren 14an amaituko den 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Oñatin hasi eta Donostian amaituko da eta 48 parte hartzaile izango ditu. Bitarte horretan, ordea, Azkoitian egingo du geldialdia txapelketak.

Final-laurdena, Azkoitian

Azaroaren 2an, zapatua, Azkoitian jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako bat. Baztartxo Antzokian izango da saioa, Ion Zalduak aurkeztuta. Sei bertsolari izango dira herrian. Beñat Gaztelumendi izango da horietako bat; gainerakoak izango dira Lasarte-Oriako eta Elgoibarko final-zortzirenetako lehen bertsolariak, eta puntuazioz zazpigarrena, zortzigarrena eta hamazazpigarrena.

Honako lanak egin beharko dituzte bertsolariek Azkoitian: binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso; kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Izagirre bertsolari azkoitiarra

49 parte hartzaile horietatik 34 bertsolarik maiatzean jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela. Gainerako hamalau bertsolariek duela lau urteko finalaurrekoetara sailkatuta eskuratu zuten txartela. Unai Izagirre Erniarraitzeko bertsolari azkoitiarrak Lasarte-Orian urriaren 5ean jokatuko den final-zortzirenean hasiko du txapelketa. Bertsolari azkoitiarrak 361 puntu eskuratu zituen Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean maiatzaren 11n jokatutako saioan.

 

Hamabost gai jartzaile, hamasei epaile eta lau idazkari eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean. Hiru hilabetez, hamasei saio jokatuko dira Gipuzkoan barrena: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. Lehen saioa Oñatiko Santa Ana Antzokian izango da, irailaren 14an. Hortik aurrera, ia astero izango dira saioak, fasetik faserako asteburuetan izan ezik. Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa abenduaren 14an amaituko da Donostiako Illunben egingo den finalarekin. Bertan, sailkatzea lortzen duten zortzi bertsolariek hartuko dute parte.

Sarrerak eta jarraipena

Saio guztietako sarrerak eta bonuak irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia izango dute sarreretan. Halaber, Bertsozale Elkarteko bazkideek bonua eskuratu ahal izango dute, finalerako ez beste saio guztietarako balio duena. www.bertsozale.eus webguneak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren informazio osoa eta eguneratua eskainiko du. Horrez gain, www.bertsoa.eus atariak txapelketaren jarraipen berezia egingo du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide