Indusketak egiten hasi dira Munoaundiko herri harresituan

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 15a, 18:20
Munoandin indusketak egiten. (Argazkia: Aitziber Eizagirre)

Joan den astelehenean, uztailak 8, hasi ziren Munoaundiko gotorlekuan indusketak egiten. Hilaren amaierara bitartean egingo dituzte indusketa-lanak, eta zapatuan, azken urteetan bezala, bisita gidatua eskainiko dute.

Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta eta Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, uztailaren amaierara arte arituko dira Munoaundiko Burdin Aroko gunean lanean. 2004an hasi ziren zundaketak eta miaketak egiten, eta handik urtebetera, 2005ean, ekin zieten indusketei. Aurten hamalaugarren aldiz hasi dira indusketa lanak egiten. Estatu espainiarreko zein Kataluniako eta Euskal Herriko lagunak arituko dira indusketak egiten.

Bisita gidatua zapatuan

Munoaundiko Burdin Aroko Herri Harresitua bisitatzeko aukera izango da uztailaren 20an, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antxoka Martinezen eskutik. Martinezek zuzendu ditu Munoaundin egin diren indusketa lanak. Bisita gidatuan parte hartu nahi dutenek Abaraxka aterpetxera (Altamira auzoa, 5) azaldu beharko dute uztailaren 20an, goizeko 11:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide