Ariane Nuñez: «Beharrezkoa da plater guztietan barazkiak jartzea lehenestea»

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 12a, 12:09
Ariane Nuñez.

Assumptio Proinnova fundazioak antolatuta, 'Elikatu zure osasuna' hitzaldi didaktikoa eskaini zuen atzo, osteguna, Tolosan, Ariane Nuñez azkoitiarrak. Elikadura osasuntsuaz aditua da Nuñez, eta Tolosaldeko Ataria komunikabideak elkarrizketatu du.

'Osasuna Kalean' kanpainari esker, herritarrak osasun gaiez hezten eta ohitura onak hartzera bideratzen aritu dira zenbait profesional Tolosan. Atzo izan zen azken saioa, eta elikadura osasuntsuaz eta ondorio arriskutsuez aritu zen Ariane Nuñez (Azkoitia, 1994) aditua.

Hona hemen hitzaldiaren aurretik Tolosaldeko Atariak Nuñezi egindako elkarrizketa:

Zer entzun eta zer ikasi ahal izango da hitzaldian?

Luis Sollet kardiologoarekin eta Roberto Ruiz sukaldariarekin batera ariko naiz. Saio oso berezia izango da. Batetik, Sollet, gure gorputzarentzat arriskutsuak izan daitezkeen faktoreez mintzatuko da. Nik, berriz, horiek saihesteko azalpenak emango ditut. Saio didaktiko bat eskainiko dut, bertaratutakoek, bizpahiru aholkurekin, beraien ohiturak aldatu ditzaten.

Eta zein izango da Roberto Ruiz sukaldariaren egitekoa?

Nik prestatutako menu bat kozinatuko du, bertako produktuekin. Barazkien kasuan, gainera, garaiko produktuez ari gara. Tomateak, adibidez, ez dira inoiz orain bezain zaporetsu egongo. Amaieran, bertaratzen direnek, menua dastatuko dute.

Zergatik da garrantzitsua elikadura aldetik gure osasuna zaintzea?

Elikadura ohitura txarra izatea, gaixotasun kardiobaskularren eragile nagusienetako bat da. Gaixotasun kardiobaskular bat izateko arriskuak handiagoak izan daitezke, hala nola, obesitatea, hipertentsioa edo diabetesa. Elikadura osasuntsuari esker erraza da arriskuak gutxitzea.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Tolosaldeko atarian.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide