'Egunean behin', tribial estiloko euskal jokoa

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 5a, 09:27

Badira ia bost hilabete Codesyntaxek 'Egunean behin' izeneko jolasa aurkeztu eta argitaratu zuela. Jolasaren helburua da euskara sustatzea eta euskal kultura ezagutaraztea. Arrakasta handia izan du jendartean; aste honetan, esaterako ia 9.000 lagunek parte hartu dute jolasean.

Mugikorrerako euskal aplikazio berri bat argitaratu zuen CodeSyntaxek martxoan, Egunean Behin izenekoa. Tribial estiloko galdera-erantzunen joko bat da, eta erantzun ona izan du gizartean. Erabiltzaileek hamar galderako galdetegi bat erantzun beharko dute —egunean behin, egunero partida bat—, ahalik eta denborarik laburrenean.

Tribial itxurako hamar galderako sorta bat da —kultura, kirola, matematika, geografia, literatura, eta abar—, eta jasotako emaitzen arabera puntu gehiago edo gutxiago jasoko ditu erabiltzaileak. Sailkapena astekoa izango da; astean zehar jokatutako zazpi partidetan onena izan denak oparia jasoko du igande gauero. Astelehenetan, berriz, partida berria hasiko da. Bakarka edo taldean jokatzeko prestatua dago eta oso dinamika errazeko jokoa da. Euskaratik eta euskaraz sortutako 50.000 galdera daude gehituta datu-basean.

Une honetan ez dago euskarazko lehiaketarik euskarazko telebistetan. Hutsune hori betetzeko asmoz sortu dute Egunean Behin. Asmoa da euskaldunei euren hizkuntzan jokatzeko eta gozatzeko aukera berri bat eskaintzea. Jolasean badira mundu mailako galderak, baina galdera geografiko eta kulturalak Euskal Herrikoak dira: euskarazko liburu eta idazleak, Euskal Herriko geografia, euskal kazetari eta kirolarien inguruko galderak, euskarari lotutako hainbat galdera, eta abar. Androiderako eta iPhonerako dago garatuta jolasa.

Maxixatzenen - Egunean behin taldea

Maxixatzen Herri Komunikabideak bere taldea sortu du Azkoitiko erabiltzaileek talde bezala parte har dezaten. Aplikazioa deskargatu ondoren, Maxixatzen - Egunean behin taldera gehitzeko, F77E25 giltza erabili beharko da. Aipatutako taldera batzeko gonbidapena luzatzen diegu azkoitiar guztiei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide