VIII. Kriket Txapelketa jokatuko dute asteburuan Azkoitian

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 3a, 09:12

Asteburuan kriketa jabetuko da Oteiza pilotalekuez. Zortzigarren aldiz jokatuko dute Kriket Txapelketa. Herri ezberdinetako 56 jokalarik parte hartuko dute aurten ekimenean.

Zazpi laguneko zortzi talde osatu dituzte denera herrien arabera: Arrasate-Eibar, Gasteiz, Urretxu-Zumarraga, Agurain, Donostia, Zestoa-Azpeitia eta Azkoitia bi talderekin. Antolatzaileen esanetan, Elgoibarko eta Madrilgo taldeek ere «egin dute parte hartzeko saiakera eta nahi zuten etorri, baina denbora arazoak tarteko», ez dira Azkoitian izango.

Oteiza Frontoietan dagoen pilotaleku luzean jokatuko dituzte partida guztiak. Zapatu goizean,11:00 inguruan, hastea aurreikusten dute. Arratsaldean jarraituko du txapelketak, eta igandean ere izango da partidarik. Igande arratsaldean jokatuko dituzte finalerdiak eta finala.

Eguraldi txarra egingo balu, txapelketa hurrengo asteburura atzeratuko da, hau da, uztailaren 13ra eta 14ra. Pakistandarren komunitateak parte hartuko du txapelketan, Pakistanen gehien praktikatzen den kirola baita kriketa, belar hockeyarekin batera. Udalaren esanetan, «ekimenak aukera ematen du hemen hain ezaguna ez den kirola ezagutzeko eta kirolaren bueltan, aniztasunean elkarbizitza sustatzeko».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide