Txapelak urra dezala bidea

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 21a, 15:40
Ezkerretik eskuinera, Juaristi, Azipuru, Azpiroz, Epelde, LarraƱaga eta Zabaleta. (Argazkia: Hitza)

Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Pala Txapelketaren finala jokatuko dute Azkoitiko pilotariek etzi Tolosakoen kontra, Donostiako Altza auzoko frontoian.

Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Txapelketaren palmaresean Azkoitia dago buru, hango pilotariek hamasei aldiz jantzi baitute txapela. Frontoiak ikur dira pilotarien sehaskan, baina esku pilotaz gain, bada herriko pilotalekuetan gero eta gehiago praktikatzen den modalitate bat: pala. Lagunarteko saioetatik haratago, txapelketetan ere murgildu dira Azkoitiko palistak, eta gero eta maila altuagoa erakusten dute horiek, gainera. Federatutako lau kirolari dira Iker Epelde, Jokin Aizpuru, Igor Juaristi eta Markos Azpiroz. Azkoitiarrek gertu dute lehendabizikoz jantz dezaketen Herriarteko gomazko pala lehiako txapela.

Azkoitiko palistek etzi jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala Tolosakoen aurka, Donostiako Altza auzoko pilotalekuan, 11:00etan hasita. Duela hilabete eta erdi hasi zuten txapelketa Gipuzkoako hamasei udalerrik, eta ordutik, sei partida jokatu eta hiru herri atzean utzi ditu Azkoitiak. «Behetik gora joan gara taldean sinesten. Gogotsu hasi genuen txapelketa, eta partidaz partida gero eta hobeto eta animo gehiagorekin sentitu gara», dio Juaristik. Herriartekoa hasterako finala urrun sumatzen bazuten ere, atarian dituzte dagoeneko azken norgehiagokak, eta ilusioz beteta aterako dira azkoitiarrak kantxara: «Herria ordezkatuko dugu, eta horrek are gehiago motibatzen gaitu. Ikusle gutxirekin jokatzera ohituta gaude, eta jendea etorriko den aitzakiarekin, ilusioz gainezka gaude», azaldu du Aizpuruk.

Hiru modalitatetan

Palistak binaka lehiatzen dira urte osoan zehar jokatzen dituzten txapelketetan, baina Herriartekoak badu berezitasunik; izan ere, kirolariek binaka, banaka frontoi osoan eta banaka zazpi koadrotan jokatzen dituzte lehiako hiru partidak. Hain zuzen ere, txapelketaren ezaugarri horrek «zaildu» egiten die taldea osatzea: «Banakako partidak zeharo desberdinak dira, ohitu gabe gaudelako modalitate horretan jokatzera. Hortaz, txapelketa hasi baino aste batzuk lehenago prestatzen hasten gara, eta horrela jakiten dugu nor den egokiena bakarka, zazpi koadroren barruan edota binaka lehiatzeko», esan du Epeldek. Aurten, orain arteko partidetan behintzat, bera izan da frontoi osoan bakarka lehiatu dena; Azpirozek, berriz, zazpi koadrotan jokatu ditu partidak; eta Juaristik eta Aizpuruk binaka. «Txapelketaren hasieran erabaki genuen modu horretan izan gintezkeela lehiakorrenak».

Urola Kostako Hitzak egindako erreportajea. Jarraitu irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide