Hizkuntza Eskolak eskaintza zabalduko du datorren ikasturtean

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 20a, 16:25
Gaztanenea eraikina.

Azkoitiko Hizkuntza Eskolak ikastaro gehiago eskainiko ditu datorren ikasturtean, 2019-2020an, hain zuzen. Gaur egun ingelesa, alemana eta frantsesa irakasten dira, eta urritik aurrera, euskara ere eskainiko da aurreneko aldiz. Halaber, hizkuntza bakoitzean maila berriak gehituko dira.

«Gaztanenea Formakuntza Zentroan Hizkuntza Eskola martxan jarri zen une beretik esan genuen, proiektua dimentsioa hartzen joatea zela gure nahia eta horrela izan da. Urrats garrantzitsua da, esaterako, euskara ikasteko aukera izatea gainerako hizkuntzekin batera», dio Hezkuntza zinegotzi Marijose Arregik. «Gaur egun, lan merkatuan sartzeko edo enpleguz aldatzeko, hizkuntzak jakiteak ateak zabaltzen ditu eta horretara bideratu nahi ditugu baliabideak. Formakuntzak enpleguarekin lotura zuzena du eta enpleguaren ikuspegitik, oso berri ona da Hizkuntza Eskolako eskaintza zabaltzearena».

Euskara lehenengo aldiz emango da Hizkuntza Eskolan hurrengo ikasturtean. Beharrak identifikatuta, euskarako C1 maila eskaintzea erabaki dute arduradunek.

Ingelesean, berriz, B2 zen orain arte eskaintzen zen mailarik altuena eta datorren ikasturtean B2.1, B2.2 eta C1 mailak irakatsiko dira.

Alemanean ere maila bat gehiago txertatuko da. Gaur egungo A1 eta A2 mailei, B1 maila gehituko zaie.

Azkenik, frantsesean, A1 mailaz gain, A2 ere emango da aurrerantzean.

Matrikula epea irail hasieran zabaltzen da. Edonola ere, uztailean zehaztuko dute hurrengo ikasturteko egutegia. Aurtengo ikasturtean ia 200 lagun ibili dira Azkoitiko Hizkuntza Eskolan.

2019-2020 ikasturterako eskaintza:

EUSKARA:

-C1 maila (BERRIA)

INGELESA: 

-B2.1 maila

-B2.2 maila

-C1 maila (BERRIA)

ALEMANA: 

-A1 maila

-A2 maila

-B1 maila (BERRIA)

FRANTSESA:

-A1 maila

-A2 maila (BERRIA)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide