Olatz Zabaleta: «Bikoiztasunak ez zuen zentzu handirik herritarrentzat»

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 19a, 13:14
Olatz Zabaleta. (Argazkia: Urola Kostako Hitza).

Euskara Gaitasun Agiria (EGA) desagertzearekin etorriko diren aldaketen eta bere horretan mantenduko diren kontuen errepasoa egin du Zabaletak (Azkoitia, 1978).

Euskaltegietan noiztik zenekiten EGA aurten kenduko zutela?

Zurrumurruak lehendik zetozen, baina 2017-2018 ikasturtean jakin genuen aurten deialdi bakarra izango zela, eta bigarren deialdian C1 itxia eta irekia egingo zirela. EGA ateratzeko bi deialdi izaten ziren urtero. Lehena otsailean hasten zen, atariko azterketarekin, eta martxoan bukatzen zen; bigarrena, berriz, iraila eta urria bitartean izaten zen. Matrikulazioa, beti, hilabete lehenago irekitzen zen.

EGA tituluaren jabe direnei eragingo al die EGA azterketa desagertzeak?

Ez, bere garaian EGA atera zuenak titulua badu. Kontua ez da EGA baliogabetzea, baizik eta hemendik aurrera C1 maila lortu nahi duenak HABEren bidez egin beharko duela, deialdi itxiaren edo deialdi irekiaren bidez.

Zer alde dago C1 azterketa egiteko deialdi itxiaren eta irekiaren artean?

C1 irekia EGA bezalakoxea da; hau da, edozeinek dauka azterketara aurkezteko aukera. Deialdi itxira aurkezteko, berriz, derrigorrezko baldintza da euskaltegi batean izena ematea, edozein euskaltegitan, ikastaro bat egitea eta hori gaindituta egiaztatzea, nolabait, azterketara aurkezteko maila. Orain arte, C1 azterketa egiteko deialdi itxiak bakarrik egon dira. Orain, irekiak ere jarriko dituzte, EGA kendu ondoren.

Egokia iruditzen al zaizu EGA kentzea?

Herritarrentzat egokia iruditzen zaigu. Orain arte erakunde bakoitzak bere titulua ematen zuen eta horrek asko nahasten zuen jendea. EGA, HABE, IVAP… azken finean denak Eusko Jaurlaritzaren mende dauden erakundeak dira, eta HABEk eginkizun hori bere gain hartzea normala iruditzen zaigu. Dena den, horrek ekarriko digu aparteko lankarga ere. Ikastaroak antolatzean kontuan hartu beharko ditugu azterketen datak eta horren arabera egokitu beharko ditugu; hala ere, momentuz, antzekoak dira EGAren deialdiek zituzten datak eta C1 irekiarenak. Horrez gain, ikasmateriala ere egokitu beharko dugu, EGAko azterketan egiten ziren hainbat ariketa ez baititugu bere horretan landu beharko.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide