Basarteko bidegurutzean biribilgunea egiteko proiektua onartu du Aldundiak

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 11a, 13:37
Munategiko gaur egungo errepidea.

Azkoitia eta Azpeitia artean kokatuta dagoen Munategi inguruan, GI-631 errepidean, Basarteko bidegurutzean biribilgune bat eraikitzea onartu du Gobernu Kontseiluak. Proiektuak jasotzen du biribilgune bat eraikitzea, 42 metroko diametrokoa, hiru adarrekin (Basarte poligonoa, Azkoitia eta Azpeitia); baita ere, bi autobus geraleku eta oinezkoen nahiz txirrindularien pasabide bat atontzea.

Bi herrietako udalek eta industriaguneko enpresek egindako eskaerari erantzuna ematen dio proiektu horrek eta, gainera, bidegurutzean sortzen diren «egoera gatazkatsuak» ekidin nahi dira. Aipatzekoak dira, besteak beste, egoera hauek: alde batetik, istripuak, aipatutako industrialdera sartzeko eta handik irteteko maniobrak egiteko garaian; bestetik, oinezkoentzako arriskua, aipatutako errepidea gurutzatzerakoan, industriagune aldeko espaloitik pasealekura joateko; eta azkenik, leku segururik ez egotea autobusak gelditzeko.

Bide Azpiegituretako departamentuak dagoeneko informazio publikoko fasean eduki du proiektua eta 2019an zehar proiektua lizitatzea aurreikusten du, 2020an obrak burutu ahal izateko. Aurrekontua 450.000 eurokoa da eta lau hilabeteko epea aurreikusten du proiektua gauzatzeko.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide