Mus txapelketarekin hasi dituzte Martirietako Pentekoste jaiak

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 8a, 12:17

Atzo, ostirala, hasiko ziren Martirietako Pentekoste jaiak. Mus txapelketa egin zuten auzoko elkartean, 22:00etatik aurrera. Guztira, 24 bikotek eman zuten izena. Lau erregetara eta hiru ustel egitera jokatu zuten txapelketa. Bikote irabazleak 400 euro eta txapelak irabazi zituen; bigarren sailkatuak, berriz, 200 euro jaso zituzten.

Asteburuan, ekitaldi gehiago

Gaur, zapatua, afaria eta erromeria egingo dituzte auzoko elkartean. 20:30ean hasiko da afaria, eta urdaiazpikoa, legatza, saiheskia eta txuleta parrilan, ijito besoa izozkiarekin, kafea eta kopa eskainiko dituzte. Afaltzeko izena eman beharko da 30 euro ordainduta. Horretarako, 685 732 981 telefono zenbakira deitu beharko da ekainak 7, ostirala, baino lehen. Afalostean, berriz, erromeria egingo dute Laja eta Lutxurdiorekin.

Igandean, ekainak 9, meza nagusia egingo dute auzoko elizan, 11:30ean. Meza amaitu bezain laster, hamaiketakoa egingo dute auzoko elkartean. Trikitilariak ere bertan izango dira giroa alaitzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide