Txikia IV.ak Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finala jokatuko du ostiral gauean

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 6a, 11:50
Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa jokatuko duten aizkolariak. (Argazkiak: Egur Sport HK).

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa jokatuko du Julen Alberdi 'Txikia IV.a' aizkolari azkoitiarrak bihar, ostirala, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Txikia IV.ak Mikel Larrañaga eta Iker Vicente izango ditu aurrez aurre.

Julen Alberdi 'Txikia IV.a' Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren finalera sailkatu zen joan den maiatzean, Ruben Saralegiri irabazita. Garaipen horri esker, 2019ko Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finalean da azkoitiarra. Finala Azpeitian jokatuko dute, ostiral honetan, 22:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Gainera, Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du txapelketa, 22:00etatik aurrera.

Guztira, herri kirolen bost final jokatuko dira: Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa, Urrezko Binakako Harrijasotzaile Txapelketa, Emakumeen Trontza Txapelketa eta 23 eta 19 urtez azpiko Banakako Aizkolari Txapelketa.

Final nagusian, Julen Alberdi azkoitiarrak Mikel Larrañaga eta Iker Vicente izango ditu aurrez aurre. Lehen fasean, 45 ontzako enbor bat erlojuaren aurka moztu beharko dute. Ondoren, kanaerdikoa zutik, oinbikoa moztu beharko dituzte. Orain arte egin gabeko lanak ere egin beharko dituzte Azpeitiko finalean. bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta 1,50 metroko beste bi enbor moztu beharko dituzte azken fasean. Gazte mailetan, berriz, 19 urtez azpikoen lehian izango dira Hodei Ezpeleta, Xuban Kañamares eta Aritz Azpiazu 'Arria VI.a'. 23 urtez azpikoetan, Julen Larrea, Oier Kañamares eta Joxean Etxeberria izango dira.

Ondoren, Emakumeen Trontza Txapelketa jokatuko dute, binaka. Karmele Gisasolak eta Usue Ansorregik aurrean izango dituzte Garbiñe Lopes de Uralde eta Ruth Lizana alde batetik, eta Itsaso Onsalo eta Leire Astiazaran, bestetik. Bukatzeko, Binakako Harrijasotzeile Txapelketako finala jokatuko dute hiru bikotek; nor baino nor izango dira Imanol Albizu 'Goikoetxea' eta Xabier Aranburu 'Guzta', Jon Gisasola 'Zelai V.a' eta Jokin Eizmendi eta Iñigo Eizagirre 'Eiza' eta Aimar Galarraga.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide