Lanak amaituta, ohiko egoerara itzuli dira San Martingo bideak

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 5a, 14:33

San Martin auzora igotzeko eta handik jaisteko errepideak betiko egoerara itzuli dira, amaitu baitituzte Ertzain etxearen inguruan egin beharreko lanak.

San Martin auzora ohiko bideetatik igo eta jaitsi beharko da aurrerantzean. Eliz ataria eta Ertzain etxea lotzen dituen errepidea, auzora igotzeko egon da soilik irekita lanek iraun duten bitartean. Geltoki jatetxearen pareko errepidea, berriz, auzotik jaisteko egon da irekita. Aurrerantzean aipatutako bi errepideak ohikotasunera itzuliko dira. Beilatokiaren alboko eta Geltoki jatetxearen aurreko bideak San Martin auzora igotzeko zein jaisteko erabili ahalko da. Ertzain etxea eta eliz ataria lotzen dituen errepidea, berriz, jaisteko bakarrik egongo da araututa.

Lanak amaituta

Beidazar kaleko aldapatik hasi eta Nemesio Otaño kaleko eskailerataraino doan tartean konpondu dute espaloia. Halaber, Zalduntxoen kaleko 4. zenbakiko aurrekaldeko espaloia ere konpondu dute. Lanek bi hilabete inguru iraun dute, aurreikusita bezala. U saneamenduko azpiegiturak ere berritu dituzte, euri urak eta ur fekalak banatuz. Halaber, argiteria sarea eta hainbat farola ere berritu dira. Hiru enpresa aurkeztu ziren lizitaziora, baina Egurki enpresak burutu ditu lanak. 182.428,99 euroko aurrekontua izan dute berritze lanek, BEZa barne.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide