Herriarteko finalerdiak jokatuko dituzte ostegunean palista azkoitiarrek

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 5a, 10:20

Iker Epelde palista azkoitiarra. (Argazkia: Maxixatzen)

Azkoitiak bihar, osteguna, Hernanin jokatuko ditu Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalerdietako joaneko partidak, 18:30etik aurrera.

Mutriku eta Anoeta gainditu ondoren, Azkoitiak Hernani izango du finalera sartzeko aurkaria. Bihar, osteguna, Hernaniko udal pilotalekuan jokatuko dituzte finalerdietako joaneko partidak. Iker Epelde buruz buruz arituko da kantxa osoan. Jokin Aizpuru eta Igor Juaristi binaka arituko dira eta Markos Azpirozek zazpi koadroren barruan jokatuko du buruz buru.

Duela bi asteburu Anoetan bat eta bi irabazi zituen Azkoitiak final laurdenetako joaneko partidak. Joan den astean Gurea pilotalekuan jokatzekoak ziren itzulerako partidak, ordea, bertan behera gelditu ziren Anoetak jokatzeari uko eginda; taldekide bat lesionatu zitzaien. Aurrez, berriz, Mutriku kanporatu zuen Azkoitiak, lau eta bi irabazita.