Azoka berezia, txahal errea eta sagardoa igandeko Herri Jaian

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 4a, 09:13

Herriko baserritarren nekazaritza produktuak erosteko eta txahal errearen mokadutxoa eta etxe desberdinetako sagardoa dastatzeko aukera izango da igande honetan, ekainak 9, herriko plazan.

Herri Jaia Azkoitiko baserritarrak eta baserriko bizimodua txalotzeko sortutako ekimena da, baserriko produktuak balioan jarri, plazaratu eta kontsumitzaileak bertako produktuen kalitateaz jabetzen laguntzeko. Nekazariek hainbat postu jarriko dituzte herriko plazan. Barazkiak, loreak, gazta, eztia, ogia eta beste hainbat produktu eskainiko dituzte. Ipintza, Zumeta, Santa Kutz, Etxearreta, Zabaleta eta Berastegi baserriek hartuko dute parte. Halaber, postuak jarriko dituzte Errezilgo dendak eta Oreka elkarteak.

Horrez gain, urtero bezala, Ikurriñaren plazan txahala erreko dute goizean, eta bertaratzen direnek Eusko Labela duen txahalaren okela pintxoak dastatu ahalko dituzte. Pintxoei laguntzeko, etxe ezberdinek ekoiztutako sagardoa eskainiko da. Sagardogileak lau izango dira: Aburuza, Lizeaga, Añota eta Zabala. Betiko moduan, txahala eta sagardoa dastatzeko txartelak aurrez eskatu beharko dira Kontzejupean jarriko den postuan.

Bestalde, goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean, gainera, haurrentzako puzgarriak jarriko dira Goikolosan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide