Ekoizpen eta kontsumo iraunkorra, Eskolako Agenda 21aren erdigunean

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 29a, 17:07

Eskolako Agenda 21 programa landu dute ikasleek azken hilabeteotan, eta gaur goizean udaletxean izan dira dozenaka ikasle, egindako lanak aurkezten. Aurten, bereziki, ekoizpen eta kontsumo iraunkorra jorratu dute.

Floreaga Ikastetxeko, Azkoitia BHI Ikastetxeko eta Izarraitz Lanbide Heziketa Ikastetxeko neska-mutilek hartu dute hitza Javier Zubizarreta alkateak ongietorria eman ostean. Alkatearekin batera, Ana Azkoitia eta Miguel Angel Bastida zinegotziek ere parte hartu dute.

Aurtengo ikasturtean Ekoizpen eta Kontsumo Iraunkorra aztertu dute gazteek, eta horren harira, gaurko udalbatzara gonbidatu dituzte Herrixen Merkatari Elkarteko Sara Rodriguez eta Iraurgi Berritzeneko Alazne Larrañaga. Bidelagun izan dute Jaurlaritzaren ingurumen hezkuntzako programak garatzeaz arduratzen den Legazpiko Ingurugelako arduradun Edurne Huesa.

Ikasleen Foroan adostutako proposamenak aurkeztu dizkiete gaztetxoek udal ordezkariei. Aurretik, Izarraitz Lanbide Heziketak, estreinakoz parte hartu duenez, hitzarmena sinatu du Udalarekin Agenda 21era atxikitzeko.

Ikasleek tokian tokiko produktuen kontsumoa, kontsumo arduratsua, elikadura osasungarria, poltsa berrerabilgarrien erabilera, baserritarrei zuzenean erostea edota garraio publikoaren aldarrikapena egin dute. Erosketak non egiten dituzten aztertu dute eta Internetaren eta supermerkatu edo denda handien eragina azpimarratu ere bai. Teknologiaren erabilera ere sakon aztertu dute, ekonomia zirkularrarekin batera. Besteak beste, herriko denda txikiak, azoka eta baserritarrak indartzeko proposamenak luzatu dituzte.

«Kontsumoaren gizartean bizi gara. Horrek esan nahi du beharrak sortzen ditugula ez dauden tokian. Mugikor modelo berriak ateratzen dituzte bata bestearen atzetik, eta oso ondo dago egin duzuen azterlan hau, baina bakoitzaren ardura da kontsumoaren gizarteak markatzen duen erritmoari ez jarraitzea», esan die Javier Zubizarreta alkateak.

Halaber, Udalak merkataritzaren, ingurumenaren edo energiaren bueltan egindako lanaren berri eman die alkateak. Azaldu die merkataritza eta enplegua Iraurgi Berritzenetik kudeatzen direla, langabezia asko jaitsi dela —%8,7an dago Azkoitia—, azken lau urteotan 1.200.000 euro bideratu direla baserri bideak konpontzera, Udaltzaingoarentzat laster ibilgailu elektrikoa erosiko dutela eta kotxe elektrikoak kargatzeko guneak ere ipiniko direla aurki herrian.

Ikasle guztiek telazko poltsa bat eraman dute opari. Iraurgi Berritzenek herrian erosteko abian jarri duen kanpaina berria da poltsena, eta LH, DBH eta batxilergoko ikasle guztiei banatuko zaizkie. Ikasleek eurek proposatutako leloak irakur daitezke telazko poltsetan.

Argazkiak: Azkoitiko Udala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide