Anaitasunak ez du lortu Hirugarren Mailara igotzerik

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 25a, 19:49
Jokalariak neurketa amaituta zaleei eskerrak ematen. (Argazkia: Anaitasuna)

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak ez du lortu mailaz igotzerik. Hiru eta huts galdu dute gorrixek Eibarko Unbe zelaian Eibar taldearen aurka.

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak ez du lortu Espainiako Hirugarren Mailara itzultzea. Hiru eta huts galdu dute azkoitiarrek talde armaginaren aurka, eta Tolosak ere emaitza berdinarekin irabazi duenez Añorgaren aurka, aukerarik gabe gelditu dira gorrixek.

67na punturekin berdinduta gelditu dira Tolosa eta Anaitasuna, baina 'gorrixek' Tolosaren aurka jokatutako bi neurketak galdu dituenez, Tolosak lortu du mailaz igotzeko txartela.

Atsedenaldirako egin dituzte eibartarrek neurketako hiru golak, eta bigarrenean bultza egin duten arren, ez dute neurketan sartzeko golik egin azkoitiarrek. Gaurkoan ere ehunka azkoitiar izan da mutilen partida ikusten. 500 jarraitzaile azkoitiarretik gora izan da Eibarko Unben, Anaitasunak azaldutakoaren arabera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide