Elkarrizketa digitala Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko alkategaiarekin

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 23a, 18:00

Elkarrizketa digitala Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko alkategaiarekin

Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko alkategaiak Maxixatzeneko erabiltzaileen galderak erantzuten ditu Maxixatzenen bulegoan.

1. Herri hau inguruko herriekiko urte batzuk atzetik doanaren sentsazioa dut. Oso motel goaz aurrera. Ikuspuntu bera al duzu? Eskerrik asko.
Xuxen

Bai eta hori orain gobernuan daudenak gstioan onenak zirela esan zigutela.
Guk batzordeetan, Aldunditik dauden laguntza batzuk mahai gainean jarri ditugunean ez dugu inoiz laguntza horiek aprobetxatzeko ahaleginik ikusi eta Azpeitian berriz guk aurkeztutako denak aprobetxatzen dituzte. Behar bada gestio hitzak orain beste esanahi bat izango du.

2. Ez al dago herrian etorkin gehiegi?
Patxi

Arratsaldeon Patxi:
Denak beharko ditugu jubilazioa kobratu nahi badugu.
Eta ez dakit, egia esan, non dagoen arazoa.

3. Etorkinari diru kopuru dezentea ematen zaio, eta jubilazio oso eskasa duen herriko jendeari laguntzarik ez? Eta alarguntasun txikiak dituztenei? Eta beste urritasunak dituztenei? Kanpoko jendeari lagundu herriko beharrari baino lehenago? Eskerrik asko.
Patxi

Egoera berdinean erantzun berdina eman beharko diogu herritar denei, nik behintzat ez dut inor diskriminatzeko intentziorik.

4. Kaixo, Jose Joakin. Galdera zuri eta Azkoitia Bai taldeari: Oraingoan posible ez izan arren, zergatik ez hemendik lau urtera, Udalerako, hautagaitza bakar bat osatu, Azkoitia Bai eta Azkoitiko EH Bilduren artean?
Romualdo

Kaixo Romualdo:
Naiz eta gauza berdin asko izan, baditugu gure ezberdintasunak, batipat besteenganako jokaeran eta kanpotik dituzten eraginetan. Beste bi alderdi nagusiekin alderatuz, guk herritarraren onura nahiago dugu beste alderdiaren kaltea baino.
Gu barruko lanean (udaletxekoan) saiatzen gara eta ez besteen okerrak salatzen. Guk zinegotzi batekin oposizio batekin, hau da barruko lana, beste alderdi denak batuta baino. Badakigu, hauteskundeak irabazi nahi baditugu, beste alderdien eta batipat gobernuan dagoenaren okerrak salatzen hasi beharko ginatekeela, baina gure taldeak ez ditu marra gorri batzuk gaindutuko, ez da gure jokamoldea.
Bestalde guk herriko arazoei ematen diogu garrantzi dena eta esan bezala, ez ditugu besteek goitik dituzten agindu/eraginak.
Guk 6 zinegotzi bagenitu norbait izango genuke udaletxean liberatuta herritarren arazoei erantzun hobea emateko,... Gehiago luzatuko nintzateke baina besteei ere erantzun beharko diet, dena den eskerrik asko parte hartzeagatik.

5. Proiektu erakargarri eta sinesgarri bat garatzeko orduan, ezinbestekoa da proiektu horri nolabaiteko zentzu bat ematea, berdin izanik, gainera, proiektu hori pertsonala, profesionala, esparru publikokoa edota pribatukoa den. Alor horretan, ikuspegi ezberdinak izan daitezkeen arren, badira hiru hausnarketa ezinbestean egin beharrekoak izaten direnak: zergatik edo zertarako, nola, eta zer. Hori horrela, hemen Azkoitia Bairen eta Joxe Joakin Etxanizen proposamena ulertzen lagunduko luketen galderak: 1.- Zergatik nahi duzu alkate izan? Zertarako? 2.- Nola egingo diezu bilatuko dituzun erronkei aurre? (balioak, jokamoldeak, kudeaketa moduak, ...) 3.- Zer egingo duzu zehazki? (aktibitate zehatzak)
Eneko

Arratsaldeon Eneko:
Motz motzean erantzuteko galdera nahiko sakonak dira, baina ahaleginduko naiz.
1-Nire helburua ez da alkate izatea, horretaz baliatu herritarren arazoei irtenbidea emateko. Herritik bertatik sortutako talde bat ezinbestekoa ikusten det Azkoitian.
2- Gure taldeak beti bultzatu ditu herri galdeketak, herriari entzuteak. Badakigu dena ezin dela galdetu, baina gai garrantzitsuenei horrela eman beharko genioke erantzuna eta nola ez herriko taldeei laguntza gehiago eman eta ahal den ainean erabakitzeko aukera, edo gutxienez nonbait beren aukerak udaletxera bideratzeko sistema ezarri.
3-Esan bezala talde ekimenak bultzatu, aurrekontuetan ditu laguntza gehiagorekin.
Herritarren parte hartzea bultzatuko luketen sistemak ondo ikertu eta martxan jarri.
Herriko talde feministarekin harremanak berreskuratu...
Ahal den heinean alkatea eta bere taldea ez dezala herria gobernatzen duena izan, herria bera baizik.

6. Elkarguneko debatea ikusita ia gauza guztietan antzeko ikuspuntua duzue EH Bilduk eta Azkoitia Baik. Zertan desberdintzen dira bi alderdiok? Eskerrik asko.
Xuxen

Barkatu baina galdera hau lehen ere erantzun dut eta beste galdera asko daudenez, mesedez aurrekoa irakurtzeko eskatuko nizuke.

7. Ez dakit kaleko esana edo egia den, baina entzuna dut boto gehien lortzen dituen alderdia agintetik ez zenuketela kenduko. Lau urteko gehiengo osoa izan du EAJk. Jeltzaleek gehiengorik ez badute, modu berean jokatuko al duzue aurten? Eskerrik asko.
Xuxen

Arratsaldeon Xuxen:
Gure iritziz, izugarrizko mina egin digu gehiengo osoak eta nire esku egon balitz debekatu egingo nuke, hau da, beste alderdiren baten botoarekin atera beharko lirateke aurrera erabakiak.
Nik esan nuena herriak bozkatzen zuena errespetatu behar genukeela da, hau da, bi talde bozkatuenak edo hiruk, betiere bozketaren arabera, zinegotziak aukeratzerakoan erabiltzen den D´hont arauaren arabera erabaki beharko genukeela udal gobernua ere, herriak zer bozkatu duen, horrelakoa gobernua ere eta guk, egie esan, honi ez diogu inongo etekinik ateratzen, behar bada gu ez ginateke udal gobernu horretan egongo, baina herriaren bozka errespetagarria iruditzen zaigunez, horrela jokatu beharko genuke.

8. Zer iritzi duzu erabakitzeko eskubidearen inguruan? Eskerrik asko.
Xuxen

Neri benetan poza herrian sortu den talde eragileak ematen dit eta nola ez beti errespetatu herriak erabakitzen duena.

9. Zer aurreikuspen duzu iganderako? Zorte on.
Joxean

Bozketan aldaketa handirik ez dut espero, baina pare bat aldaketa txikirekin asko aldatu daiteke, hau da, Bilduk eta Azkoitia Baik zinegotzi bana kendu EAJri eta horrela:
EAJ-7
Bildu-7
Azkoitia Bai-2
PSE-1
Beraz bozkatu herria aldatzea nahi baduzue eta beste lau urteko gehiengo osorik nahi ez baduzue.

10. Andramaixetako festa eredua ez al da zaharra geratzen ari? Ez al gara ari herriko festak galtzen?
Itziar

Ez da erraza denen nahia betetzea.
Dena den guri ekarpen bat iritsi zitzaigun eta udaletxean aurkeztu genuen: Abuztuaren 17an festa gelditu egiten da, beraz zergatik ez dugu hainbesteko arrakasta duen Laburmetrailen ikuskizuna egun horretan egiten?
Herrikoloreak antolatu zuten talde eragile bat osatzea izango litzateke beste aukera bat.

11. Udal programan kafe antzokia egingo duzuela jartzen duzue. Eragileekin bilerak egin ziren eta kafe antzokiaren interes eza azaldu zuten. Beraz, zergatik burutu beharko litzateke?
Xabi

Zuk esandako horrela da bai.
Gure ustez elkarguneko taberna eta bertan dagoen gela handiari, askoz ere etekin hobea ateratzeko posibilitatea dago.
Eragileekin bilera horiek geuk bideratu genituen eta bazirudien beraien jarduerekin nahiko zutela eta ez zutela beste toki berri batean sartzeko denborarik.
Dena den, talde eragile batek, toki hau erabilgarriago egiteko asmoa izango balu, guk ez genioke ostoporik jarriko, bertan, Baztartxon, Matadexen,... egiten ez diren ekintza asko egiteko modua bailegoke.
Denentzat aukera ezberdinak antolatzen saiatu behar genuke eta horretan ahalegindu ginen gu, baina udaletxeak ez zigun batere lagundu.

12. Igerileku berria egin edo ez herritarren esanetara utziko duzuela daukat ulertuta. Azken bi urteetan igerilekuaren inguruan lanketa handia egin da, herritarren parte hartzea ardatz izan delarik. Parte hartze prozesuak hainbat praktika ditu bere barnean, ez galdeketak soilik. Udal batek esku artean dituen proiektuak eta behar direnak nola gauzatu ikusi beharko luke. FA igerilekua egiteko laguntza emango balu, baina adibidez herritarren gehiengoak plaza berri berritzea nahiagoko balu, diru laguntzari uko egingo zeniokete? (Horrek hurrengo lau urteetan laguntzarik ez jasotzea suposatuko luke) Kontuan izan behar da Plaza Berri herritarren gehiengoak zapaltzen duela eta hala gertatzeko probabilitatea egongo litzatekeela, arazo bakoitzaren maila baloratu gabe.
Xabi

Kaixo Xabi:
Zeuk diozun bezala lehenik herritarra ondo informatuko genuke, beraz denek izan beharko lukete laguntza horien berri eta nola ez, zuk bezala beste herritar deak ere kontutan hartuko luketela ez dun zalantzarik. Esan behar baita ere, Plaza berria berritzeak aurrekontu handiagoa izango lukeela eta behar bada ezingo lirateke parekatu, hau da, Plaza berria txukuntzearen diru kantitate berdinarekin, behar bada Igerilekua eta beste proiekturen bat gauzatzeko beta emango liguke.
Eta besterik gabe zoriondu Instalazio Duinak Orain taldea egiten ari diren lan bikainagatik, nire ustez herritarra ere dagoeneko ohartu da talde honek egindako lanaz eta hori kontutan hartuz erabakiko du.

13. Etorkinentzako kulturan txertatzeko ikastaroak proposatzen dituzuela irakurri dut. Herritarrek beste kulturak ezagutzea ere garrantzitsua da elkarbizitza eta integraziorako. Beraz, ohitura eta abar elkarbanatzeko praktikak ez lirateke egokiago izengo?
Xabi

Guk esan nahi genuena hau da:
Azkoitian euskaraz egiteko ohitura dago, beraz euskaraz ikastea bultzatu behar genuke etorkinetan, Udaletxean izapideak nola egiten diren ere irakatsi, zer garraio publiko ditugun eta erabiltzera bultzatu, zaborra nola sailkatzen dugun,...
Ni beste herrialde batera joango banintz eskertuko nuke horrelako laguntza eta harreman horrek guk beraiek eta beraiek gu aberastuko gintuzke.

14. Kultur sarien inguruan, ez nuke espezifikatuko zer sarituko den. Mahai batek, herritarrek, eragileek edo talde batek hartuko luke erabakia eta aspektu ezberdinak baloratuko lituzke. San Joan suarekin gertatzen den bezala, proposamenak egingo lirateke (herritarrek, taldeek, norbanakoek...), eta ondoren, izendatutako erantzuleek aukeratuko lukete. Kultur sariak ezin dira mugatu aspektu soil bat jorratzera, kultura anitza da, zabala. Agian urte batean pertsona baten bizitzako lana sarituko da, agian beste batean inklusibitatean egindako lana, herrian bertan egindako lana edo beste hainbat aspektu.
Xabi

Erabat ados.
Azken lau urteetan gai hau, behin eta berriz mahai gainean jarri ondoren 2020ko Otsailerako martxan jarriko dutela esan digute. Guk eskatu duguna kirola eta kultura maila berdinean jartzea izan da batipat eta nola ez erabakia zuk esan bezala hartu beharko litzateke.
Gure programan jarri duguna izandako arrakasta soilik ez litzatekeela goraipatu behar izan da eta inklusibitateari ere garrantzia eman beharko geniokeela, baina esan bezala erabakia ez litzateke inolaz ere udaletxean hartuko.

15. Maxixatzenek burututako elkarrizketan ez zenuenez oso argi utzi, berriro galdera mahai gainera dakarkit. Urola Kostako Hitzan esandakoa: "Gure plataformak defendatzen dituen proiektuekin bat datorren alderdiaren alde bozkatuko genuke". Kontuan hartuz gero hainbat aspektutan EH Bildu eta zuek ados zaudetela, ez al litzateke egokiena izango, elkarren artean adostea udal gobernura iristeko aukera egongo balitz?
Paktometroa

Elkarrizketan eta batipat mahainguruan nahiko garbi utzi genuela uste det eta beste galdera batean ere erantzun det galdera, baina motz motzean guk esaten duguna herriak bozkatzen duenari kasu egitea da, errespetu osos. Ni ez naiz inor herritarrak bozkatu eta gu baino bozka gehiago jaso duen talde bat baztertzeko, beraz ez naiz nekatuko esaten herritararen bozka errespetatzen saiatuko garela, nahiz eta guk honi etekinik ez atera. Bi talde bozkatuenak jarri behar lukete gobernuan herritarrak hori bozkatu badu eta bi alderdi horiek ez badute herriko bozka errespetatzen ikusiko dugu nola eman irtenbidea.

16. Egin ezazu porra (zinegotzi eta gobernu osaketa) buruarekin eta bihotzarekin. Horra nirea: - Burua: PNV 8, Bilduk 6, Azkoitia Baik 2, PS(O)E 1. Gobernua: PNV+PS(O)E - Bihotza: PNV 8, Bilduk 7, Azkoitia Baik 2. Gobernua: Bildu + Azkoitia Bai
Ander Azkargorta

Kaixo.
Buruarekin PNVk 8, Bilduk 7, Azkoitia Bai 1 eta PSE-EE 1. Gobernua PNV + PSE-EE
Bihotzarekin PNVk 7, Bilduk 7, Azkoitia Bai 2 eta PSE-EE 1. Gobernua EAJ + EH Bildu?

Eskerrik asko.

17. Zaborren kudeaketaren inguruan zein da zuen planteamendua? Zer eta nola egin dezakegu zabor bilketa hobetzeko? Penagarria da zenbait edukiontziren inguruan eta barruan egon ohi dena ikustea.
Patxi

Kaixo.
Zaborra nahastuta ikusteak esan nahi du oraindik herritarrok ez dakigula zer lehenetsi, birziklatzea edo erosotasuna.

Birziklatzea sarituko lukeen sistema ezarri beharko genuke, sistema motari garrantzia eman beharrean. Beste alderdiekin alderatuz, guk ez dugu hemen etekinik ateratzen.

Eskerrik asko.

18. Asteburuetan, bereziki larunbatetan, parranda giroa egon ohi da herrian. Inguruan bizi garen herritarrok taberna kanpoaldean sortzen den zarata eta hurrengo goizeko zikintasuna gertu bizi ditugu. Herritarrok parranda egiteko eskubidea dugun bezala, atsedenerako eskubidea ere badugu. Nola uztartu daitezke bi kontuak? Gai honen inguruko proposamenik ba al duzue?
Karmen

Kaixo.

Denok elkar errespetatuko bagenu, asko erraztuko litzateke irtenbidea. Larriena ez da taberna barruko arazoa, larriena taberna kanpoko iskanbila da. Beste irtenbiderik ikusten ez bada, taberna kanpoan edatea debakatu beharko litzateke, baina ez genuke horraino iristerik nahi.

Eskerrik asko.

19. Azkoitia herri euskalduna dela esan ohi dugu, azken ahozko kale neurketetan ere erabilerak gora egin du, hala ere, badago zer hobetua: merixuen ezagutza/erabilera, merkatal gune handietako hizkuntza paisaia… Neurri handi batean Udalaren esku dauden arloak. Udalak eragin lezakeen esparruetan eragiteko asmorik ba al duzue? Nola?
Ana

Kaixo.

Udaletxeko langileentzat, merixuek barne, ikastaroak egiteko laguntzak oraintxe bertan ari dira eskaintzen. Dena den, euskara profil bat betetzea ere derrigorrezkoa dute postu batez jabetzeko. Merkatariei, laguntzak ematen zaizkie euren webguneetan edota publizitate kanpainetan euskara erabiltzeagatik. Laguntza hauek eman ondoren ikusten bada ez diotela etekinik ateratzen, bezeroak erabaki beharko du non eta nola gastatu.

Eskerrik asko.

20. EH Bildurekin udal gobernu bat osatzeko prest zaudete?
Axun

Kaixo: Gu prest gaude, herriak horrela erabakiko balu, beste alderdiren batekin udal gobernua osatzeko, baina herritarrek erabaki beharko dute. Gu beti bezala herritarren esanetara gaudelako eta euren bozka errespetatuko dugulako.

Eskerrik asko.

21. Kanpotik begiratuta, eskaintzen duzuen programan oso gertu zaudetela ematen du EH Bildu eta Azkoitia Bai. Zenbakiek emanez gero, gobernu alternatibo batean batuko dituzue indarrak?
Maribi

Kaixo.

Aurrerago erantzun diot galdera honi bizpahiru aldiz.

Eskerrik asko.

22. Azkoitiar gazte bat naiz eta oraindik botoa erabaki gabe daukat. Gobernu berri baten aldekoa naiz, eta beraz, jakin nahi dut posible bada zuek hori ahalbideratuko duzuen.
Mikel

Kaixo.

Gu herritarren esanetara gaude, eta gure aldeko bozka ematen baduzu prest egongo ginateke herritarren beharrei erantzuteko lan egiten.

Eskerrik asko.

23. Sentipena dut Azkoitia Bai asko urrundu dela herritarrengatik. Zuek ere iritzi bera duzue? Zerbait egiteko asmorik baduzue?
Imanol

Kaixo.

Beste talde denak bezala, sortzean indar berezia izan genuen, baina orain ez dugu lan gutxiago egiten nahiz eta komunikabideetan ez horrenbeste agertu. Taldea inoiz baino parte hartzaileagoa eta handiagoa da, eta esparru asko ordezkatzen dituena dugu; anitza da. Dena den, berriro ere herritarrengana hurbiltzeko boto kopurua igo beharko genuke.

Eskerrik asko.

24. Zergatik ez zarete aurkeztu EH Bildurekin koalizioan?
Andoni

Kaixo.

Aurrerago erantzun dut, EH Bildurengandik ditugun desberdintasunak azalduz.

Eskerrik asko.

25. Kaixo. Alkatetza lortuz gero, Altzibarreko espaloia konpontzeko asmorik? Gurpildun aurkientzat koxkak daude, eta, gainera, nahikoa irristakorra izaten da euria edo hotza egiten duenean. Aldez aurretik, eskerrik asko!
Altziberkue

Kaixo.

Ni ere Altzibarren bizi naiz, eta bertako bizilagunekin hitz egin eta gero gaia udaletxean aurkeztu nuen. Batik bat arazoa orain erabiltzen ez diren garaje sarreretan dago, eta udaletxean zerbait egiteko asmoa bazutela erantzun zidaten. Gu gobernuan jarriko bagina, toki arriskutsu hauek ekiditen ahaleginduko gara.

Eskerrik asko.

26. EAJren gobernuak badu alternatibarik zure ustez? Zer egin daiteke?
Ainhoa

Kaixo.

Alternatiba beste alderdi batek bozka kopuru handiagoa lortzea litzateke, EAJri gehiengo osoa kenduz eta herria herritarren bozken arabera gobernatuz.

Eskerrik asko.

27. EAJk zuen beharra badu gobernua osatzeko erraztuko diozue, zuen botoa emanda, edo abstentziora joz?
Manuel

Kaixo.

Guk herriak erabakitzen duena errespetatuko dugu. EAJk lortzen badu boto gehien, ni ez naiz inor herritarrak bozkatu duen horren aurka egiteko. Talde bozkatuenak gobernatu beharko luke edo lukete, herritarrek esandakoa onartu behar badugu.

Eskerrik asko.

28. Egun on Ze diferentzia nabarmenduko zenituzke Azkoitia Bai proiektuaren eta EH Bilduren proiektuaren artean? Zer du Azkoitia Baik, EH Bilduk ez duena?
Kaixo

Kaixo.

Alderdi guztiok antzeko programa dugu. Guk garbi dugu ez dugula kanpoko edo alderdiaren agindu edo eraginik eta soilik azkoitiarren beharren alde egingo dugula lan.

Eskerrik asko.

29. Kaixo EAJrekin gobernatuko zenukete?
Herritar bat

Kaixo.

Herriak horrela nahiko balu, bai, bi alderdi bozkatuenak EAJ eta Azkoitia Bai baldin bagara.

Eskerrik asko.

30. Kaixo, Alkatetza edo influentzia lortuz gero, Altzibarreko espaloia konpontzeko asmorik? Oso zaharkitua dago eta koxka askorekin. Gurpildun aulkientzat zailtasunak daude eta oinezkoentzat ere arriskutsua da batez ere euria edo hotza egiten duenean, lurrak irrist egiten baitu. Altzibarren ez genuen behar zubirik, espaloiak eta parkeak konpontze baizik! Eskerrik asko.
Altzibar

Kaixo.

Espaloien gaia aurrerago erantzun dut. Zubiaren inguruan, berriz, guk beste hainbat eta hainbat proiektu lehenetsi ditugu, eta guk ere ez genuen zubiak izan duen lehentasuna edo beharra ikusten. Ez dakigu oraindik, eta askotan galdetu dut, zein talde eragilek eskatu duen zubia egitea. Gaur egun herrian Instalakuntza Duinak Orain taldea, Floreagako bizilagunen batzordea eta Egoitza Kalera taldea ezagutzen ditut. Norbaitek zubia eskatu duen taldea ezagutuko balu, informa nazala.

Eskerrik asko

31. Epa, Joakin! Beti bezela, kanpainan bakarrik akordatze zeate politikariak baserritarrekin. Azken lau urtetan, baserri bide batzuk konpondu bai, baina hortik aurrerako plan estrategikorik ez dago lehen sektorearen egoera bideratzeko. Azkoitia Baik, zer proposatzen du?
Baserritar bat

Kaixo.

Azken lau urteetan aurrekontuetako proiektuen zatirik potoloenetakoa bideratu da bideak konpontzera. Beste herrietan tasak eta bermeak eskatzen dira zuhaitzak moztera doazenean bide horiek mantentzeko, edo lehen bezala uzteko. Azkoitian ez da horrelakorik egiten eta gure ustez horregatik ez dira behar diren bezala zaintzen. Planari dagokionez, eskatzen ari gara pinuekin dagoen arazoari irtenbidea emateko aditu batzuekin biltzea, etorkizunerako landa eremu egokienak zein diren aztertzeko. Plastikoaren erabilera baztertzeko edo gutxienez arintzeko Berdura Plazari beste buelta bat eman beharko zaio, baserritarrentzat gune egoki bat irekiz.

Eskerrik asko.

32. Arratsalde on. Azkoitiko Plaza eraberritzeko asmorik ba al duzue? Azpeitian egin dena egiteko aukerarik? (Hau da, autoak kendu, lurra eraberritu, Azoka Plaza berplanteatu, hots, Plazari bizia eman)
M

Kaixo.

Beste herrietatik etortzen direnak harrituta gelditzen dira gure kale nagusian goiz parte osoan egoten den trafikoarekin. Honekin lotuta, parke estaliaren lanak egiten ari zirenean, trafikoa ertzain etxearen ondotik bideratu zuten. Batzordean galdetu genuen modu horretan arazorik izan al zen, eta ezezkoa erantzun ziguten. Hori ikusita, trafikoa erdigunetik ateratzea bideragarria ikusten dugu. Plazari bizia emateko trafikoa kentzea ezinbestekoa ikusten dut. Lurra ere autoak pasatzen direlako izorratzen da, ez baitago horretarako prestatua.

Eskerrik asko.

33. Floriako bizilagun bat naiz. Gure arazue noiz konpondukoan jakin nahiko nuke. Urte asko die guretzako igogailue agindu zenutela eta gaur da egune ezerre eztaukeuna. Zein da zuen konpromisue?
Begoña

Kaixo.

Gure lehentasuna da Floreagako igogailua. 1. eta 2. faseak 2020an bukatu nahi genituen, eta horretarako jarri genuen 2019ko gure aurrekontuetan diru kopuru bat. Baina, orain ez gara iritsiko 2020rako, baina 2020 edo 2021erako lana bukatuta izatea nahi genuke.

Eskerrik asko.

34. Kaixo Azkoitian ditugun jauregi hutsak desjabetzeko edo negoziazio bidez herritarrentzat lortzeko aukerarik ikusten alda? (Plazan dagoen jauregia, Etxebeltz, Gaztaenearen alboan dagoen etxetxoa...) Nire iritziz erakin horiek oso egokiak lirateke Kafe Antzoki, liburu denda-kafetegi edota Azpeitiko San Agustin moduan funtzionatu dezaken proiektu bat egiteko. Eskerrik asko.
1776

Kaixo.

Zuk egindako proposamenez gain, zaharren egoitza kaleratzeko ere egokia litzateke. Jabego pribatua dute aipatutako eraikin horiek eta nola ez herritarren esku egongo balira. Negoziatzeko prest egongo ginateke baina adostasunak alde bikoa izan beharko du.

Eskerrik asko.

35. Kaixo. Ze proposamen dituzue euskara bultzatzeko?
EH

Kaixo.

Maxixatzen da horretarako baliabiderik onena. Urtero aurrekontuetan diru laguntza bat jartzen dugu eta hori proposatzen jarraituko dugu, Maxixatzen baita azkoitiarra euskaraz irakurtzera gehien bultzatzen duena. Kale erabilera igo egin da eta orain herritarra irakurtzera bideratu behar da Maxixatzenetik eta liburutegitik.

Eskerrik asko.

36. Galdera zuzena. Ze alderdi lehenesten duzue paktu bat egiteko? EH Bildu, PNV edo PSE?
J

Kaixo.

Herritarrak lehenesten duena, ni ez bainaiz inor herritarrari hitza kentzeko.

Eskerrik asko.

37. Azkoitiko euskararen ezagutza eta erabilera "arnasgune" gisa ezagutzen ditugun herrien parekoa da. Askok horrela ezagutzen/identifikatzen gaituzte gainera. Zergatik ez duzue inoiz babestu Azkoitia UEMAn sartzea, Azkoitiko euskara babesteko laguntza eta aholkularitza jaso ahal izateko? Oker ez banago Azpeitia, Zestoa eta Zumaia Udalerri Euskaldunen Mankomunidadean daude, ez duzue uste guk ere egon beharko genukeela?
Leire

Kaixo.

Horrek euskara indartzea lagunduko baluke, zalantzarik gabe bai.

Eskerrik asko.

38. Zinegotzirik ez baduzue lortzen zer gertatuko da Azkoitia Bai taldearekin?
Mikel

Kaixo.

Lanean jarraituko dugu hurrengo legealdian bozka gehiago lortzeko, ezinbestekoa ikusten baitugu gure herrian horrelako talde eragile bat izatea.

Eskerrik asko.

39. Zein da zuen jarrera alkate eta zinegotzien soldaten inguruan? Arlo honi dagokionez EAJren eredua edo EH Bilduren eredua hobesten duzue?
Ana

Kaixo.

Guk gure eredua hobesten dugu. Azken lau urteetan hasieratik bukaerara arte beste taldeekin adostea nahi izan dugu, baina ez da posible izan. Gure ustez lehen erabakiak izan beharko luke udaletxean zenbat pertsona liberatu behar diren herria ondo kudeatzeko. Gero, erabaki denon artean zenbat kobratu beharko luketen. Oraing kobratzen dutena, argi esan, gehiegitxo iruditzen zaigu. Gure taldean %20a jaisteko ez dugu inolako arazorik.

Eskerrik asko.

40. Azkoitiko tabernetan alkohola saltzen zaie adingabeei larunbatero. Zein izango da zuen estrategia hori ekiditeko? Horren harira, tabernetan juergatan jendeak tabakoa erretzen du, eta tabernariek ez dute ezer egiten/esaten. Zer jarrera eduki berko luke Udalak horren aurrean? Gero eta gazte gehiago drogatzen (kokaina...) dira juergatan. Joera horri aurre egiteko planik pentsatuta baduzue?
Ane

Kaixo.

Prebentzio Mahaia martxan dago eta indartzen jarraituko dugu, gure gazteriak drogaren eta alkoholaren aurrean dituen arriskuak ekiditeko asmoz. Prebentzio Mahai honetan sartu beharreko beste puntua areto jokoaren arazoa da. Erretzea lehen egunetik debekatzeko asmoa dugu, batik bat erretzen dutenen onuragatik. Hasiera batean ez zegoen arazorik, eta ikusi dugu askotan zerbitzariak direla hasten lehenak. Badakigu ez dela erraza izango, baina ez dugu zalantzarik debekatzeaz.

Eskerrik asko.

41. Berdintasun alorrean zer egingo duzue? Berdintasun teknikaria berriz jartzeko ados zaudete?
Nerea

Kaixo.

Bai, ados gaude. Aspaldi talde feministarekin moztutako harremana sendotzea da gure asmoa. Orain azpikontratatutako enpresek daramate berdintasun gaia udaletxean, eta herri guztietan berdin jokatzen dutenaren errezeloa dugu. Azkoitiko herriko arazoak askoz hobeto kudeatuko lituzke udaletxean bertan teknikari bat izango bagenu.

Bi-hiru urtean matxismoaren aurkako adierazpenak egin izan ditugu udal bilkura bakoitzean. Beste taldeei eskua luzatu diegu denon artean adierazpenen bat egiteko, gutxienez hilean behin. Ez da inor batu gure proposamenera.

Eskerrik asko.

42. Zubizarreta alkatea kargutik kentzea zuen lehentasuna da?
Iñaki

Kaixo.

Herriak hori eskatu/bozkatuko balu, bai.

Eskerrik asko.

43. Bizikletak garbitzeko zonarik edo jartzea pentsatu al duzute?
Ander

Kaixo.

Garbigunean jarri ziren lehen mangerak, baina segituan desagetu ziren edo lapurtu zituzten. Mangerak jartzeko ez dugu inongo arazorik ikusten ekonomikoki ez dagoelako inongo eragozpenik. Gero ez dakigu herriak errespetatuko dituen.

Eskerrik asko.

44. Kaixo Azkoitia zergatik ez dago UEMAn sartua? Zuen esku baldin ba dago sartzeko asmorik ba al duzue?
Eusk

Kaixo.

Lehen ere erantzun dut, baina horrek euskara indartzea lagunduko baluke, zalantzarik gabe bai.

Eskerrik asko.

45. Kaixo Alkatetzara iristen bazarete, Andramaxetako festa batzordea den "Axkottiko Herri Moimentue"-i diru laguntzak emateko prest al zaudete festa alternatibo batzuk egiteko? Nire ustez lan handia egiten dute gure festak hobeak izateko eta EAJren gobernu honek oztopoak bakarrik jartzen dizkie, diru laguntzak ez emanez eta udailtzangoa bidaliz behin eta berriz.
Tx

Kaixo.

Lehen esan bezala, talde eragile denei aurrekontuetako diru kopurua igotzeko prest agertu gara beti eta horrela jarraituko dugu. Bide batez aprobetxatu nahi dut egiten duten lana zoriontzeko, eta zumba egon zenean esaterako dantza ederrak egin genituen kuadrilan.

Eskerrik asko.

46. Kaixo, Euskal Herriko independentziaren alde al zaudete? Hala bada, ze proposamen dituzue herrian kontzientzia nazionala sustatzeko eta Gure Esku Dago-rekin elkarlana sustatzeko?
EH

Kaixo.

Herria alde badago, gu ere bai. Herri ekimen denen alde agertuko gara beti. Gure herrian aipatu duzun taldeak indar handia du eta herritarrek erabakitzen dutenaren alde azalduko gara behar duten laguntza eskainiz.

Eskerrik asko.

47. Kaixo Toke. Inork aipatzen ez dituen, baina herriko beste errealitate bat diren etxeko, kaleko, baserrietako, txaboletako, ikuskizunetarako, tirokatzeko eta dibertimenduarako ditugun animaliekiko zer enpatia du Azkoitia Baik?
yute

Kaixo.

Azkoitiko Katulagun elkartea etorri zitzaigun euren berri ematera eta euren arazoa aurkeztera. Gaur egun, gure laguntzaz diru kopuru bat jasotzen dute udaletxetik kalean dauden katuen onurarako. Aipatutako adibide honen bezalako beste hainbat aurrera eraman daitezke beste alderdien laguntzarekin, ahal den heinean animalien sufrimendua ekiditeko.

Eskerriko asko.

48. Arratsalde on, Guztiok entzun izan dugu hainbat arazo dituztela herriko kirol talde desberdinek beraien jarduna aurrera eramateko orduan beharrezkoa duten instalakuntza falta dela eta. Nik, zehazki, atletismoaren gaiaz galdetuko nizuke, nahiko egoera tamalgarri eta pobreetan ibiltzen baitira entrenatzen gazte eta ez hain gazteak. Zer egin daiteke XEYE Atletismo Taldekoen egoera hobetu eta beharrezko azpiegiturak eduki ditzaten? Zer proposamen posible ikusten dituzue hauen beharrei erantzuteko? Eskerrik asko!
Anonimoa

Kaixo.

Lehen esan bezala, talde denei diru laguntzak gehitu. Bestalde, Elkargunean aldatzen eta dutxatzen dira taldekideak, eta horretarako bertako bazkide izan beharra dute. Uste dut, beste instalazio duinik ez duten bitartean ez geniekela Elkargunea erabiltzeagatik ezer kobratu behar. Atletismoko azpiegirei dagokionez, lehendabizi eurekin bildu nahi dugu eta aztertu zer irtenbide eman diezaiokegun.

Eskerrik asko.

49. Kaixo, zalantza dut Azkoitia Bai eta Bilduren artean. Zergatik bozkatu behar dut Azkoitia Bai?
Anonimoa

Kaixo:
Lehen ere erantzun dut galdera, baina asko galdetzen ari zaretenez, motz motzean:
-Besteenganako jarrera
-Udaletxe barruko lana, ez komunikabideetara zuzendua baizik.
-Kanpoko eragin/agindurik ez.
-Beste taldeekin lotura.

Agurra

Eskerrik asko guztioi.

Poza ematen dit herritarrek egindako horrenbeste galdera ikusteak eta erantzuteak. Herritarrengan beti zabalik egoten gara eta talde bilera irekiak egiten ditugu hamabostero. Beste zerbait galdetu nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan eta bilera horietako batean zure ikuspuntua aurkezteko aukera izango zenuke beste taldekideen aurrean. Herritarren parte hartzea bultzatzeko gaude, beraz nahi duzuenok etorri gure bileretara.

Eskerrik asko.