Gorka Torre nekazariak elikadurari buruzko hainbat gomendio plazaratu ditu

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 18a, 16:57

Atzo, maiatzak 17, hitzaldia eman zuen Gorka Torre nekazari baxenabartarrak Elkargunean. 

Baratze jardunaldietako bigarren hitzaldia izan zen. Behorlegiko (Behe Nafarroa) bere baratzean sortzen duen elikadurarekin bizitzeko aski duen nekazaria da Torre. Duela zortzi urte inguru hasi zuen beharrezkoa duen elikadura bere baratzean sortzeko proiektua, eta lortu du helburua. Hainbat baratza ditu Behorlegin zehar, eta dozenaka elikagai sortzen ditu urte osorako. Garaian garaikoa jaten dute, hozkailuen beharrik gabe. Elektrizitatearen kontsumo arduratsua defendatzen du, gainera, Torrek. Elkargunera bertaratu ziren hainbat herritarrek adi-adi jarraitu zituzten Torreren gomendioak.

Sustraiak Bizirik Kultur Elkarteak antolatuta, baratze jardunaldietako hirugarren eta azken hizlaria Jakoba Errekondo izango da. Maiatzaren 31n, ostirala, emango du hitzaldia agronomista eta paisajista usurbildarrak. Ezaguna da hainbat hedabidetan landare gaien inguruan parte hartzeagatik. Hala nola, Argia aldizkarian, Euskadi Irratiako 'Landaberri' saioan, eta www.bizibaratzea.eus webgunean. Elhuyar Zientzia Aldizkarian ere kolaboratzaile gisa aritu da. Urte luzez Landa Garapeneko herri txikien biziberritze proiektuetan jardun du teknikari gisa, baita proiektuak sortzen, diseinatzen eta zuzentzen.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide