«Pertsonak erdigunean jarrita», duela lau urte ekindako bideari jarraipena eman nahi dio EAJk

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 16a, 21:33
Azkoitiko EAJ alderdiak aurkeztuko duen hautagaitza.

EAJ alderdiak, Javier Zubizarreta buru dela, gaur egin du hauteskunde ekitaldi nagusia Elkargunean, eta bertan 2019-2023 legealdirako dituen proposamenak eman ditu ezagutzera.

Gaurko ekitaldian Azkoitiko Uri Buru Batzarreko presidente Asier Aranbarrik, Ana Azkoitia hautagaiak eta Javier Zubizarreta alkategaiak hartu dute hitza.

EAJren programa baikorra eta errealista dela azaldu du Ana Azkoitiak. «Kontu handiz ibili gara gauza batean: ez sartzen bete ezingo dugun ekimen edo proiekturik. Lau urteren ondoren, emandako hitza bete izanaz harro gaude. Erraza da eskaera denei baietz esatea inolako bermerik izan gabe. Bideragarriak eta beharrezkoak diren proiektuak bakarrik sartu ditugu guk gure programan. Hainbat herritarren ekarpenak ere jaso ditugu. Izan ere, programaren oinarrian helburu bakarra dago: herritar guztiek hobeto bizitzeko aukera izatea, baliabideak kontuan izanda. Horretarako, zerbitzuak hobetu, kale irisgarriak egin, herri lagunkoiagoa eraiki, enplegua sustatzeko formakuntza eskaini, elkarbizitza zaindu eta babestu, euskarari hegoak eman, berdintasuna eta justizia aktiboki aldarrikatu, ingurumenaren alde konprometitu, gazteei etorkizuna eraikitzen lagundu eta pertsona nagusiak bakardadean zigorpetik askatu behar dira, kirola, kultura, merkataritza, industria eta turismoa bultzatuz», azaldu du Azkoitiak.

Jarraian, Javier Zubizarretak hartu du hitza. «Kudeaketa buruarekin, bihotzetik. Hori da gure eredua. Udal kudeaketa buruarekin, eraginkorra behar duelako izan, baina baita humanoa ere, erabaki bakoitzaren atzean pertsonak daudelako», esan du Javier Zubizarreta alkategaiak.

«Proposamenak baditugu, jende ona lanerako ere bai, eta gogoa eta indarrak ez zaizkigu falta, beraz, aurrera egingo dugu Azkoitiko herriaren alde. Lau urte hauetan erakutsi dugu badakigula gauzak egiten. Denborak jarri digu muga. Denbora eta osasuna dira erosi ezin daitezkeen gauza bakarrak eta guk denbora nahi dugu, bideratuta ditugun proiektuei jarraipena eman eta egia bihurtuta ikusteko. Bizigune humanoa, lagunkoia, kalitatezko enpleguak eta zerbitzuak dituena, eta ingurumenarekin konprometitua nahi dugu. Herri honek aurrera egiteko gu behar gaitu», azpimarratu du Zubizarretak. Hunkituta gaineratu du «talde bikaina» duela alboan, eta bukatzeko, EAJren aldeko botoa eskatu die bertaratutakoei.

 

Datozen lau urteetarako proposamenak

Formakuntza eta kalitatezko enplegua lehentasunak izaten jarraituko dutela azaldu dute. Arlo ekonomikoan, lursail industriala egokitzea da beste proposamenetako bat, ekimen enpresarial berriak herrira erakartzeko.

Gizarte arloan, herrian bertan osasun zerbitzuak zabaltzea da alderdiaren beste nahietako bat, beste herri batera joan beharrik ez izateko. Bestalde, gizarte laguntzen azterketa bat egingo dute, onuradunen profila ondo ezagutzeko, batez ere, emakume alargunena, haien bizi baldintzak hobetzeko.

Aparkalekuen arazoari soluzioa ematea, San Martin eta Floreaga auzoetako irisgarritasuna hobetzea, Santa Klarako espaloia konpontzea, komun publikoak jartzea Oteiza frontoietan, Trenbidearen zumardian umeentzako ur-parke bat eraikitzea, baserri bideak zaintzea, luminariak aldatzea edota kaleetako garbitasuna bermatzea dira hauteskunde programak jasotzen dituen proposamen batzuk.

Plazaberriren eraberritzeak eta kirol instalazioen hobetzeak, igerilekuen handitzearekin eta entrenamenduetarako futbol zelai bat eraikitzeko aukera jorratzearekin batera, dira programaren zatirik handiena osatzen duten planteamenduak. San Jose egoitza jaistearen eskaeraren aurrean, EAJk honako hau dio:  «Denok nahi dugu gertu egotea. Baina, gaur gaurkoz ez dugu posible ikusten egoitza jaistea. Eskumena eta erabakitzeko ahalmena ez delako Udalarena, Foru Aldundiarena baizik. Eta inbertsio oso altua delako. Agian, gaur egungo eskenatokia eta baldintzak aldatu egingo dira denbora batera; landuko dugu gaia. Proiektu horren aurrean borondate osoa daukagu eta ahalegin guztiak egingo ditugu egoitzarako joan-etorriak errazteko. Garraio zerbitzua hobetuz, pauso handia eman daitekeela uste dugu», gaineratu dute. 

Gazteen beste kezketako bat etxebizitza dela gaineratu dute. Horren aurrean, «atzerapenarekin bada ere», Floreagan Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikiko direla azaldu dute eta baita Idiakez Ederra Etxean ere. Txalon Errekan ere etxeak eraikiko dira, eta erronka Intsaustiko eremua sustatzea dela gaineratu dute.

Kultura arloan, alderdiak kontuan izango duela adierazi du 2024an Azkoitiak bere 700. urteurrena betetzen duela. Herriko ondarea balioan jarriko duela azaldu du EAJk Inaziotar bidea eta Euskal kostaldea marka turistikoez baliatuz.

 

 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide