Nuarbeko sokari tiraka

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 9a, 09:22
Joxin Etxezarreta, Aitor Azkoitia eta Jose Luis Garate, Nuarbeko tiratzaile ohiak.

Laxaro Azkunek 'Nuarbe, 29 urteko soka' liburua idatzi berri du, eta, aitzakia hori baliatuta, Nuarbe Sokatira Taldeko hiru tiratzailerekin bildu da Maxixatzen: Joxin Etxezarreta Olaizola Azkoitiko bizilaguna (Nuarbe, 1960), Jose Luis Garate Arrieta (Azkoitia, 1966) eta Aitor Azkoitia Alberdi (Azkoitia, 1971). Atzera begiratu, eta gehien maite duten kirola nola bizi izan zuten kontatu digute pasioz.

1977tik 2005era hamaika garaipen irabazitakoa da Nuarbe Sokatira Taldea, mundu mailako talde erreferente bihurtzeraino. Azpeitiko Nuarbe auzoan jolas moduan hasi zen gazte kuadrilla batetik abiatu zen dena. Gazte horietako bat zen Joxin Etxezarreta: Nuarberen lehen taldean hasi zen, eta Getxoko Munduko Txapelketaren ondoren utzi zuen, 1991n. Jose Luis Garate 1992an hasi zen eta 2002an utzi zuen, eta Aitor Azkoitia 1996tik 1999ra aritu zen.

Nuarbe auzoan, hasiera hartan, gazte kuadrilla bat zegoen antzeko adinekoa, eta herri kiroletan ibiltzen ziren harri jasotzen nahiz aizkoran. Handik bueltan lagun talde bat elkartu, eta sokatiran egingo zutela esanez hasi ziren. Auzoan, jolasean bezala, zortzi laguneko taldea osatu eta sokatiran hasi ziren. «Horrek du meritua, horrelako auzo txiki batean hain lagun gutxi elkartuta denok asmo berak izatea. Jolas batetik hainbesterainoko lorpenak eskuratu izana sekulakoa da», dio Etxezarretak. Nuarbe hastearekin batera, hainbat auzo eta herri txikitan sortu ziren sokatirako taldeak.

 

«Nuarberen gakoa izan da jartzen zitzaizkion oztopoetara egokitzeko zuen gaitasuna»

 

Sokatirako txapelketak existitzen ziren ordurako. Hemengoak ezagutzen zituztenez, kanpora joatea erabaki zuten besteek nola tiratzen zuten ikusteko. Hasieran, ez zieten uzten kanpoan jokatzen nuarbetarrei, ez zituztelako betetzen zenbait baldintza: oinetakoak, pisua… Ingelesak izan ziren lehen aldiz sokatiran egiteko neurriak arautu zituztenak. Izan ere, hasieran, frontoietako zoru gainean eta hormigoizko plazetan tiratzen zen, abarkak jantzita.

Gerora, kategoria ezberdinetan lehiatzen hasi ziren; beti zortzi laguneko taldeak osatuz, baina pisuaren arabera sailkatuta. Hor egon zen arazoa: zortzi lagun kategoria baterako oso onak izan arren, agian beste kategoria batean ez ziren arautegian sartzen. Izan ere, orduan uste zen zenbat eta kilo gehiagoko gizona izan orduan eta gehiago tiratuko zuela. Baina kanpoko esperientzia horrek erakutsi zien kategoriak zeudela eta agian eusteko indar handiagoa eta erresistentzia hobea zuela fisikoki prestatuta zegoen batek, kilo gutxiago izan arren. 20-21 kidek osatu zuten Nuarbe urterik jendetsuenetan. Izan ere, taldea zortzirekin osatu arren, mailaren arabera pisu ezberdineko jendea behar izaten zen.

 

Behar berrietara egokitzen

Horrela, pixkanaka profesionalizatzen joan ziren: abarkak utzi eta zapata berezi batzuk egin zituzten. Bakoitzak bere zapatak erosi zituen, eta bi zapatagileren artean, larru berezi bat eta azpiko txapa erantsita, bota bereziak egin zizkieten sokatiran egiteko. Nuarbeko museoan daude bota horiek oraindik ikusgai. Gerora, suitzarrei bota onak ikusi zizkieten, «kategorikoak». Orduan, bakoitzak bere poltsikotik botak erosi zituen, entrenamenduetan eta txapelketetan tiratzeko. «Gerrirako babesak ere gerora ipini genituen; hasieran, azala dena urratua izaten genuen. Entrenatzailea zapatagilea eta gehiago zen, eta zortea izan genuen hainbat ideia ematen zizkigulako hark. Tela bakeroarekin, gogorra delako, buzo moduko bat egin genuen, eta gero hari larru zati bat erantsi genion gerri parean; hori dena bakoitzak bere etxean», azaldu du Garatek. «Nuarberen gakoa izan da jartzen zitzaizkion oztopoetara egokitzeko zuen gaitasuna; beti ikasten», diote.

1996. urterako, taldeak bazuen nolabaiteko izena, eta Nuarbeko taldekide izan nahi zuten gazte asko hurbiltzen ziren. Inori ez zitzaion aterik ixten: guztiei baiezkoa ematen zitzaien, gutxienez probatzeko. Dirurik ez zen irabazten Nuarben, zaletasun hutsa zen dena. Bidaiak ere bigarren urtetik aurrera ordaintzen ziren; bestela, dena bakoitzaren poltsikotik.

Taldearen lorpenik handiena nazio mailan 560 kilotan lortutakoa dela uste dute: «Beste selekzioek egin gabeko marka egin zuen Nuarbek: zortzi urtez jarraian irabazi zituen Munduko eta Europako Txapelketak, 1991tik 1998ra, txandaka. Maila internazionalean txapelketa guztiak irabazi zituen urte horietan Nuarbek. Klub mailan, berriz, emaitzak beti nahiko onak izaten ziren. Euskadiko Txapelketan parte hartzen genuen pisu denetan irabazten genuen», diote. «Ez genuen berehala imajinatzen hasiera haietan maila horretara iritsiko ginenik. Pixkanaka berotzen joan zen dena. Gerora, irabaztera ateratzen ginen ia», dio Etxezarretak. «Formula topatuta zegoen irabazten hasi ginenean», gaineratu du Garatek. Ez dute uste emaitza horiek beste inork gailenduko dituenik aurrerantzean ere.

 

Taldeko giroa, bikaina

Uste osoa dute taldeak lortutako emaitzak lagunarteko giro onari esker izan zirela. «Horrek indartzen zuen taldea. Oso integratuta egoten ginen taldean. Kanpoko bidaietan ere egundoko giro ona izaten zen. Askotan, joandako lekuetan beste astebete luzatzen genuen egonaldia, geure poltsikotik ordainduta. Estatu Batuetara eta Hegoafrikara joandakoak gara, eta Europan ere hainbat lekutan izan ginen: Italia, Alemania, Gales, Eskozia, Suitza, Irlanda, Paris, Munich… Kanpoko giroa ezberdina izaten da; han egun osoko festa egoten da sokatiraren bueltan. Ez da hemen bezala; hemen, txapelketa bat dagoenean orduetako kontua izaten da», azaldu dute. «Mutrikuri irabaztea zen ametsa hasierako urteetan, hura baitzen onena orduan. Gerora, berriz, ingelesei eta suitzarrei: denbora asko egoten ginen haiei begira, nola irabazi pentsatzen». Urteak pasatu ahala, Nuarberen aurkari zuzena Gaztedi zen Euskal Herrian, eta mundu mailan, berriz, irlandarrak. «Egundoko gogorrak ziren», gaineratu dute.

Txapelketak bukatutakoan, Nuarbe auzoan festa antolatzen zieten gertukoek. «Herri osoa egoten zen inplikatuta. Familiak alde guztietara etortzen ziren gurekin, babesa ematera. Kanpotik emaitzak etortzen zirenean ere ongietorri festa antolatzen ziguten. Denok Nuarben elkartzen ginen beti. Oso ondo uztartu ginen taldekideok, eta gaur egun ere harremana mantentzen dugu, urtean behingo jatorduak eginez gutxienez. Haserreak ere oso gutxi izaten ziren entrenamenduetan. Gainera, entrenamenduak ez genituen galdu nahi izaten inork. Elkarrekin hartutako konpromiso handia zegoen. Urte hasieran hitza ematen zuenak ez zuen kale egiten, begirasun txarrak ikusi behar izaten baitziren bestela [barrez]. Beti maila hobetzeko ilusioarekin lan egiten genuen. Lanagatik-edo ezin baginen entrenatu, poleak muntatu eta egunero entrenatzen jarraitzen genuen, ahal genuen lekuan. Aitzakiarik ez zen egoten, gaixotzen ez bazinen behintzat. Lanera joanez, sakrifizio handia eskatzen zuen sokatirarako entrenatzeak. Sokarekin hasi aurretik, gimnasioan ere asko entrenatzen ginen. Kirol zozoa zela esaten ziguten askok. Hori bakoitzak nola bizi duen da; guretzat, behintzat, eder askoa da sokatira!», diote.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide