VI. Futbol Festa 3x3 izango da Azkoitian ekainaren 21etik 23ra

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 7a, 13:36

Martxan da VI. Futbol Festa 3x3, eta dagoeneko 80 taldek eman dute izena. Ekainaren 21ean, 22an eta 23an izango da Futbol Festa eta aurreko urteetako kopuruetara iritsiz gero, 700 partidatik gora jokatuko dira. Iaz 5 eta 12 urte bitarteko 660 umek parte hartu zuten, 160 taldetan. Izen emate epea zabalik dago eta maiatzaren 27ra arte luzatuko da.

Parte har dezakete 2007 eta 2014 urteen artean jaiotakoak, biak barne. Izena www.azpeitiacup.com atarian eman daiteke edo ondorengo establezimenduetan: Azkoitian Ñam Ñam-en. Azpeitian eta Zarautzen Halcon Bidaiak-en.

Hamar udalerritako gaztetxoak izango dira Azkoitian Futbol Festan: Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz, Urretxu, Zumarraga eta Legazpi.

Antolatzaileen esanetan, hasiera batean, hiru egun ezarri arren, seguruenik laugarren bat gehitu beharko dute, ekainak 20, osteguna, alegia. Bestetik, ekainaren 21ean ikasturte amaierako jaialdia egin ohi dute eskolek eta kontutan hartuko da partiduen ordu eta egunak antolatzeko orduan.

Elastikoa eta domina jasoko dute partaideek. Kamisetak ekainaren 18an banatuko dira Kontzejupean, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Antolatzaileek eskertu dute Udalaren eta gainerako kolaboratzaileen laguntza.