Elkarrizketa alkategaiekin

Ainara Goenaga: «Azkoitiarrei entzunez, bizitza duinez osatutako herria eraikiko dugu»

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 15a, 09:08
Ainara Goenaga EH Bilduren alkategaia. (Argazkia: Maxixatzen)

Ainara Goenaga Andueza (Azkoitia, 1979) da EH Bilduren udal hauteskundeetarako alkategaia. Azken lau urteak zinegotzi moduan egin ditu Goenagak udalean.

Zergatik erabaki duzu alkategai izatea?

Lau urte daramatzat zinegotzi bezala udaletxean, eta ikasi dut gogoa eta nahia jartzen bada eta benetan egiten bada lan, herritarren bizi kalitatea hobetzeko aukera dagoela udaletxe barrutik. Azkenean herri bizi bat nahi dugu, herri parte hartzailea, berdintasunean oinarritutakoa, eta inklusiboa. Gogo horrekin aurkeztu naiz alkatetzara. Lau urtean zinegotzi bezala egonda, ezagutzen dut udaletxeko funtzionamendua, gestioak nola egin kontrolatzen dut. Erabakia hartzerakoan erraztasuna eman dit horrek guztiak, bide bat egina baitut.

Zein dira alkate izanda eman nahiko zenituzteen lehen urratsak?

Alkatearen eta zinegotzien soldatak jaitsiko ditugu, egokitu egingo ditugu, ez baigoaz udaletxera aberastera, lanera baizik. Irisgarritasun plan integralaren erredakzioa jarriko dugu martxan, eta baita Floreagako laugarren faseko igogailuaren lana ere. Elkargunea kontratu pribatuan dago, baina amaitu egiten da kontratua. Gestio publikora eramateko urratsak emango ditugu. Beste aldetik, lehen zegoen parte hartze prozesua berreskuratuko dugu 2020ko aurrekontuetarako izan dezagun.

Zeintzuk dira proiektu nagusiak?

Proiektu nagusiak lau multzotan banatu ditugu. Lehen multzoa, irisgarritasunarena da. Esan bezala irisgarritasunaren plan integral baten erredakzioa egingo dugu; behar handiena duten auzoekin hasiko gara lanean. Alde batetik Floreaga dugu, baina San Martin ere arazo berdina izatera doa. Igogailuak edo arranpa mekanikoak jarri aztertuko genituzke. Santa Klara eta Santa Kutz arteko bidean dagoen espaloiari buruz ere kexa jaso dugu; espaloi hori zabaltzea nahi dugu. Bestalde, gure asmoa da Plazaberri egokitzea. Gune batzuetan bi espaloi koska daude, bat gorago eta bestea berago. Maila txikiagoan, baina, anbulatorioan ez dago anbulantzia zuzenean sartzeko sarrerarik. Hori ere egokitu nahi dugu, anbulantzian doanak bere intimitatea izan dezan.

Bigarren multzoan dago kirolerako eta aisialdirako instalazioen egokitzapena. Ikusten ari gara kirol instalazioak txiki gelditzen ari direla, adibide bezala, igerilekua, futbol zelaia, gimnasioa... Kantxak ere kirol asko egiteko erabiltzen dira eta hor ere arazoekin ibiltzen gara. Arazo hori ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean jardun beharko dugu arazoei ahalik eta erantzun onena emateko. Elkarguneko kontratua 2019an amaitzen da, eta nahi duguna da kudeaketa pribatutik publikora eramatea. Kasu horretan, Udalaren gain geldituko litzateke kudeaketa, eta patronatu bat sortuko genuke, herri osoko kirol instalazioak kudeatuko lituzkeena. Horrek zer onura dakar? Batetik, herriko kuotak jaitsi ditzakegula, eta bestetik, Elkarguneko langileen lan baldintzak hobetzeko aukera dugula. Horrekin lotuta, sortzen ari garen kirol mahaia izango genuke. Kirol mahaiak eta patronatuak elkarrekin lanean jardunda herriko kirol talde guztiak koordinatuko lituzke. Aisialdiko parkea ere aipatu behar dugu. Parke estalia eraikitzen ari dira, baina ikusten dugu jarri behar diren dimentsioek ez dutela benetako arazoa konpontzen. Pentsatzen aritu gara, posible izango litzatekeelako eta kostu handirik ez lukeelako izango, Xabier Munibe Ikastolako parkea estaltzea. Horrela, parke estalia, kirola egiteko gunea, komun publikoak, bankuak eta iturriak izango lituzkeen gune bat izango genuke. Kirol eta jolas gune bat izango litzateke, hori bai, eskola ordutegitik kanpora.

Hirugarren multzoan sartzen ditugu herritarren bizi baldintza duinak bermatzeko neurriak. Alde batetik, pentsiodunentzako diru laguntzak jarriko ditugu, dendari txikien alokairua ordaintzeko laguntzak emango ditugu. Etxebizitza alokairurako diru laguntza hobetuko ditugu. Orain badago, baina adin muga bat du 35 urtera arte. Ikusten dugu 35 urtetik gorakoek ere arazo bera izan dezaketela, eta gure proposamena da adin muga hori kentzea. Bestetik, bizi baldintza duinak kontutan edukita, San Jose egoitza lekualdatzeko lehen pausoak emango ditugu.

Laugarren eta azken multzoan, etorkizunerako zer Azkoitia nahi dugun jasotzen dugu. Herri bizi bat nahi dugu. Kultur plan integrala egingo dugu eta herriko sortzaileei eta eragileei duten balioa emango diegu. Kultur eta kirol ekimen gehiago egingo ditugu. Bestalde, eta oinarri bezala, berdintasunean oinarritutako herria izango da. Berdintasun teknikaria kontratatuko dugu %100eko lanaldian; berdintasun plana martxan jarri eta aurrera eramateaz arduratuko da; beharrezkoa ikusten dugu. Herri parte hartzailea nahi dugu eta parte hartzea sustatu beharra dugu. Herriak zenbat eta gehiago parte hartu hobe da.

Lau multzo horiez gain, ordea, lehen sektorea aipatu behar dut. Egun galtzen ari dela ikusten dugu eta sustatzeko Berdura plazari bizitasuna eman nahi diogu. Proposamen bat da larunbateko merkatua plazara ekartzea. Horrela, Berdura plaza gune garrantzitsua izango litzateke. Halaber, baserrietako esplotazioak eraikitzeko erraztasunak jarriko ditugu udal legeak aldatuta. Langabezia zerbait jaitsi ahal izateko, berriz, ekintzailetasuna sustatzeko beste neurri batzuk hartzea posible da.

Zein dira Azkoitiko arazo nagusiak?

Irisgarritasunaren arazoak, eta nahiz eta asko ez hitz egin, langabezia; %8,77 inguruan zegoen langabezia martxoan. Gazteen lan baldintzak ere prekarioak dira nahitaez. Lehen sektorea ere galtzen ari gara. Orokorrean, jendearen bizi kalitatea jaitsen ari da.

Zer egin nahi du EH Bilduk datorren legegintzaldian?

Herritarrekin bilerak eginda proiektu batzuk atera dira. Oraindik bilerekin jarraituko dugu eta pentsatzen dut gauza berriak irtengo direla. EH Bilduk lau urteetarako proiektu bat finkatuta izan arren, gauza berriak ateratzen dira. Proiektu bat dugu, gauz batzuk egin nahi ditugu, baina lau urte horietan irteten diren arazoak eta beharrak ere kontutan hartu behar dira. Herriak egindako proposamenei eta beharrei kasu egin behar diegu, herritarrak direlako herrian zer egin behar den esaten dutenak.

Zein alorretan jarriko dituzu indarrak?

Lehen aipatutako lau multzoetan. Irisgarritasunean, kirolerako eta aisialdirako instalazioen egokitzapenean, herritarren bizi baldintza duinak bermatzeko neurrietan eta zer eratako Azkoitia nahi dugun lantzean.

Zer balorazio egingo zenuke azken legegintzaldiari buruz?

Legegintzaldiari dagokionez, nahikoa negatiboa da. EAJk bere politika inposatu du eta hori leku guztietan ikusi dugu, bai batzordeetan eta bai plenoetan. Beste alderdiei ez digute eman aukerarik proposamenak egiteko, batzordeetan gure proiektuak eta ideiak azaltzeko... Zentzu horretan mugatuta ibili gara. Komunikazio aldetik ere falta handia sumatu dugu, gauza asko albisteen bitartez ezagutu baititugu. Ezkortasun horri gauza positiboak ateratzen dizkiogu, ordea. Nahiz eta ikusi horma baten aurka gindoazela, guk geure lanean jarraitu dugu, geure proposamenak egiten jardun dugu, geure denbora hartu dugu gauzak egiteko eta harro gaude egin dugun lanarekin.

Pertsonalki hitz eginda, berriz, ikasi dut lau urte hauetan udal gobernuan baldin bagaude zer den egin nahi ez dudana: edozeinek egindako proposamenak eta proiektuak aztertuko ditugu. Ez dugu begiratuko zein alderdi politikok aurkeztutakoak diren; herriarentzat onak badira, aurrera aterako dira. Bestetik, komunikazioa eta gardentasuna oinarri bezala erabili behar ditugu. Herriari erakutsi behar diogu udaletxeko ateak irekita daudela edozein informazio jasotzeko edo proposamenak egiteko. Alderdi politikoak ere ondo informatuta egongo dira, egindako lan guztiak batzordeetan landuko ditugu. Aurrekontuak parte hartzaileak izango dira. Herriak parte hartzea nahi dugu euren proposamenak eta euren beharrak jasoz. Alderdi guztion artean landuko ditugu eta saiatuko gara aurrekontuak guztion adostasunarekin lortzen.

Ikusi dugun beste alde positiboa da, EAJren politika eredua ikusita, herria mugitu dela. Herrian indar bat sortu da zeuden gabeziak erakusteko. Herritik sortu dira talde batzuk, hala nola, Herrikoloreak, Instalakuntza Duinak Orain, Marea Urdina, Floreagako bizilagunak, Egoitza Kalera taldea... Positiboa ikusten dugu jendea mugitzen ari delako.

Zergatik bozkatu behar da EH Bildu?

Bi arrazoi nagusi daude. Batetik, eskuetan dugun herri programa eta ditugun proiektuak herriaren beharretara eta nahietara egokitutakoak dira. Herritarren bizi kalitatea hobetzea bermatuko duen programa da. Bestetik, programa edo proiektu hori aurrera eramateko egin dugun taldea dugu. Talde oso anitza eta zabala da, eta bakoitzak bere alorrean bere jakituria eta bere esperientzia jarriko du proiektuak aurrera eramateko. Guztiok gaude lanerako gogoz.

Nola ikusten dituzu hauteskundeak?

Azkenaldian datu asko ari gara jasotzen eta datu positiboak dira. Ikusi dugu EH Bildu gora doala eta udal hauteskundeetarako dugun taldearekin eta dugun programarekin gobernuan egongo gara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide