Herriko dantzari txikiak kalera aterako dira igandean

Maxixatzen.eus 2019ko api. 30a, 10:14

Datorren igandean, maiatzak 5, Azkoitiko XLV. Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute. Kandiola, Bizkargi eta Txalkor taldeak aterako dira herriko kaleetara euskal dantza eta musika doinuak eskaintzera.

Igandean herriko dantzari txikiak kalera aterako dira 45. Dantzari Txiki Eguna ospatzera. Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko Kandiola dantza taldea, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako Bizkargi dantza taldea eta Txalkor txistulari taldea izango dira eguneko protagonistak.

10:45ean, Julio Urkixo Etorbidean egingo dute bilkura eta handik hasita euskal dantzak eta txistu doinuak entzuteko aukera izango da eguerdira bitartean. 11:00etan kalejiran joango dira Balda plazara. 11:15ean, plazan bildutakoan, otartekoa jango dute. 11:45ean Balda plazan hasiko dira 'Agurra' eta 'Agintariena' dantzekin.

12:00etan, dantza erakustaldia egingo dute, bitan banatuta. Aita Madinabeitia plazan —Orbela taberna alboan— Kandiola dantza taldearen dantzak ikusteko aukera izango da. Eliz atarian, berriz, Bizkargi dantza taldea arituko da. 13:00etan, ekitaldiekin amaitzeko, dantzarien eta musikarien emanaldia izango da. Antolatzaileek jakinarazi dute, euria egingo balu Elkargunean egingo dutela saioa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide