Josep Pamies, Gorka Torre eta Jakoba Errekondo izango dira baratze jardunaldietako hizlariak

Maxixatzen.eus 2019ko api. 26a, 17:50

Jakoba Errekondo. (Argazkia: txalaparta.eus)

Sustraiak Bizirik Kultur Elkarteak antolatuta, baratze jardunaldiak egingo dituzte maiatzean zehar. Josep Pamies, Gorka Torre eta Jakoba Errekondo hizlariak izango dira solasaldietako protagonistak. Hitzaldi guztiak Elkargunean egingo dituzte, 19:00etan.

Sustraiak Bizirik Kultur Elkarteak «kartel indartsua» prestatu du aurtengo baratze jardunaldietarako. «Gure asmoa da baratzea biziberritzea, eta jardunaldi hauek hori lortzeko bidean doaz. Oso kartel indartsua osatu dugu», azaldu dute antolatzaileek. Josep Pamies nekazaritza ekologikoaren aldarrikatzaile kataluniarra, Gorka Torre elikadura beharrak bere baratzean asetzen dituen nekazaria eta Jakoba Errekondo agronomista usurbildarra izango dira aurtengo gonbidatuak.
 
Maiatzaren 9an, osteguna, hasiko dituzte jardunaldiak. Lehen hitzaldian Josep Pamies (Balaguer, Katalunia) izango da protagonista. Pamies nekazaritza ekologikoaren aldarrikatzaile kataluniarra da. Sindikatu munduan eta kooperatibismoan parte hartu du gaztetatik Pamiesek. Urteen bitartez berretsi du nekazaritza konbentzionalak eragina duela pertsonen osasunean eta ingurugiroan.
 

Josep Pamies. (Argazkia: diariodeavisos)

Maiatzaren 17koa, ostirala, izango da baratza jardunaldietako bigarren hitzaldia. Gorka Torre Behorlegiko (Behe Nafarroa) nekazariaren izango da solaskidea. Bere baratzean sortzen duen elikadurarekin bizitzeko aski duen nekazaria da Torre. Duela zortzi urte hasi zuen beharrezkoa duen elikadura bere baratzean sortzeko proiektua, eta lortu du helburua. Hainbat baratza ditu Behorlegin zehar, eta dozenaka elikagai sortzen ditu urte osorako. Garaian garaikoa jaten dute, hozkailuen beharrik gabe. Elektrizitatearen kontsumo arduratsua defendatzen du, gainera, Torrek.

Gorka Torre, Behorlegiko nekazaria.

Jardunaldietako azken hizlaria, bestalde, Jakoba Errekondo izango da. Maiatzaren 31n, ostirala, emango du hitzaldia agronomista eta paisajista usurbildarrak. Ezaguna da hainbat hedabidetan landare gaien inguruan parte hartzeagatik. Hala nola, Argia aldizkarian, Euskadi Irratiako 'Landaberri' saioan, eta www.bizibaratzea.eus webgunean. Elhuyar Zientzia Aldizkarian ere kolaboratzaile gisa aritu da. Urte luzez Landa Garapeneko herri txikien biziberritze proiektuetan jardun du teknikari gisa, baita proiektuak sortzen, diseinatzen eta zuzentzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide