Gazteentzat etxearen alokairurako diru laguntzak eskatzeko epea zabalik

Maxixatzen.eus 2019ko api. 26a, 09:42

Gazteei etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago. Eskaera egiteko azken eguna ekainaren 13a izango da. Diru laguntzak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude eta Udalak guztira 65.000 euro bideratuko ditu laguntzetara aurrekontu orokorretan aurreikusi moduan.

Iaz, egindako 27 eskaeretatik 26 onartu ziren eta bakarra baztertu, ez zituelako baldintzak betetzen. Diru laguntza jasotzeko etxea errentan hartuta izan behar da edo alokairu kontratua indarrean izan 2019ko uztailaren 13rako. Laguntza gutxienez hamabi hilabetetako alokairua ordaintzeko izango da. Diru laguntzak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude eta Udalak guztira 65.000 euro bideratuko ditu.

Halaber, etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan ahalko dira onuradunak, baldin eta errentamendu-kontratua guztiek sinatzen badute. Kasu horretan, eskatzaile bakoitza bizikidetza unitate independentea dela ulertuko da eta kontratua sinatu duten guztien artean konputatuko da errenta.

Udalak bideratutako laguntzez gain, Eusko Jaurlaritzaren Alokabide sozietate publikoak ere badu alokairua ordaintzeko laguntzak emateko programa, 'Gaztelagun programa'. Baldintzak eta eskakizunak desberdinak dira bietan eta eskatzaileei komeni zaie aztertzea zer laguntza eskatu. Horren inguruko informazioa jasotzeko interesa dutenek udaletxera edo Azkoitia Lantzenen bulegora jo dezakete eta bertan emango zaie informazio osoa.

Deialdia

Ordenantza

Eskaera orria

Zinpeko aitorpena

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide