Nora Morales de Cortiñas: «Izaera propioarekin aritu nahi duen herri bat dagoela berretsi dugu»

Maxixatzen.eus 2019ko api. 24a, 11:08
Nora Morales de Cortiñas. (Argazkia: naiz.eus)

Nora Morales de Cortiñas 'Norita' (Buenos Aires, Argentina, 1930) Aste Santuko egunetan Azkoitiko baserri batean egon da. Argentinako 'Madres de Plaza de Mayo Línea Fundadora' elkarteko kidea da. Semea, Carlos Gustavo Cortiñas, 1977ko apirilean atxilotu eta desagerrarazi zuten Jorge Videla militarraren eta diktadorearen erregimenaren agindupean. 42 urte pasa berri dira ordutik, baina 'Norita'-k ez dio inoiz utzi «egia eta justizia» bilatzeari. Argentinarrarekin egoteko aukera izan dugu.

Zerk ekarri zaitu Euskal Herrira?

Ernai eta Aitzina gazte mugimenduek 40 urte betetzen dituzte eta Lemoan antolatu duten Gazte Topagunean parte hartzera gonbidatu gaituzte. Lehen ere izana naiz Euskal Herrian, baina aspaldi honetan itzultzeko gogoa nuen gatazka politikoaren ondorioz egoera benetan gogorrak bizi dituen herrialde honetara.

Veronica Heredia Giza Eskubideen aldeko ekintzailea eta abokatua etorri da nirekin, eta agenda oso estua izan dugu egunotan. Euskal preso politikoen senitartekoek osatzen duten Etxerat elkartearekin bilera izan dugu. Altsasuko gazteen gurasoekin ere egon gara eta benetan hunkigarria izan da, gu bezala, horiek ere egia eta justiziaren aldeko borrokan ari baitira.

 

«Altsasuko gazteen gurasoekin egon gara eta benetan hunkigarria izan da, gu bezala egia eta justiziaren aldeko borrokan ari baitira»

 

Zergatik Azkoitian?

Azkoitiko baserri batean egon gara bertakoek gonbidatuta. Hotelean geratzeko aukera ere bagenuen, baina aukeran nahiago izan dugu egunak familia euskaldun batekin partekatu. Harrera aparta egin digute eta egun ederrak pasa ditugu. Azkoitiko txoko politenak ikusi ditugu eta baita Ostiral Santu gaueko prozesioa ere. Azkoitiaz gain hainbat tokitan izan gara; lau egunetan Hego Euskal Herriko lau probintzietan ibili gara, Iruñan, Altsasun, Gasteizen, Bilbon, Gernikan, Lemoan, Donostian eta hemen, Azkoitian.

 

«Hotelean geratzeko aukera ere bagenuen, baina aukeran nahiago izan dugu egunak familia euskaldun batekin partekatu»

 

'Norita' Azkoitian, Izarraitz atzean duela.

'Norita'-k Altsasu ere bisitatu zuen.

Zer daramazue hemendik?

Bizi izandako egoera gogorretatik sendatu eta aurrera egiteko grina duen herri bat ikusi eta sentitu dugu. Bagenekien arren, Europako beste herrialdeen parean izaera propioarekin aritu nahi duen herri bat dagoela berretsi dugu.

Gazte Topagunean ezagutu ditugun gazteen jarrera politikoak, antolatzeko gaitasunak eta lanean jarraitzeko konbentzimenduak harritu gaitu. Indar handia ikusi dugu. Elkarrizketak eta bilerak partekatu ditugun kolektiboetan emakumeek duten paperak ere harritu gaitu, onerako noski. Herri libre eta feministaren bidean oinarriak sendo jartzen ari direla sumatu dugu.

Ibon Iparragirre eta bere familiaren besarkadak ere badaramatzagu. Ondarroako presoa bisitatzeko aukera izan dugu, izan ere aspalditik geunden harremanetan bere familiarekin. Argentinan badugu gaixorik dauden presoen familiei babesa eta laguntza emateko elkarte bat 'Profesionales contra la tortura' deiturikoa. Medikuek, abokatuek eta beste profesional batzuek osatzen dute elkartea. Bere atxiloketa eta espetxe zigorraren arrazoietan sartu gabe, Nazio Batuek atxilotze egoeretarako dituzten baldintzak urratzen direla ulertuta, Ibon Iparragirreren egoeraren inguruko salaketa aurkeztu genuen 2016ko urtarrilean Nazio Batuen Goi Komisioan. Orain, Ibon bera ezagutzeko aukera izan dugu, eta gaixorik dauden beste preso guztiek bezala ahalik eta azkarren etxean egon behar duela uste dugu. Hori guztia eta Euskal Herrira itzultzeko gogoa daramagu gurekin.

 

«Bizi izandako egoera gogorretatik sendatu eta aurrera egiteko grina duen herri bat ikusi eta sentitu dugu»

 

Argentinarra Etxerat elkarteko kideekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide