21. Korrika

Azkoitiak bat egin du euskararen aldeko olatuarekin

Maxixatzen.eus 2019ko api. 12a, 12:43

Euskarara klika egiteko urrats sendoak eman dituzte ehundaka eta ehundaka euskaltzalek Azkoitian. Iragarri bezala orduan iritsi da euskararen aldeko karabana koloretsua herrira, eta azkoitiarrek handiagoa bihurtu dute.

08:35 zirenean iritsi da 21. Korrika Azkaratera eta tunela pasa bezain laster hartu du lekukoa Azkoitiak. Musika, argiak, bozinak eta errepidean zain zeuden azkoitiarren oihuak urrundik entzun dira. Ama Madalen lagun taldeko kideek harro astindu dute lekukoa aldapan behera eta jarraian zain zeuen 22 taldeek ere emozioz, zirraraz eta irribarre handi batekin egin dute Korrika.

Haurrek, gazteek zein helduek egin dute Korrika, eta Azkoitiko kaleetan aldarrikapen bat indartsu zabaldu dute: euskarara klika egiteko ordua dela. Herrian zeuden 16 kilometroetan izan dute protagonismoa azkoitiarrek. Floreaga Ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako ikasle txikienek espaloietatik agurtu eta animatu dute Korrika, banderatxoak, puxikak eta pankartak eskuetan zituztela. Korrika egiteko prest ez zeudenek berriz txalo artean hartu dituzte korrikalariak.

«Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika!», «gora Azkoiti euskalduna» eta «Azkoitian ere, euskararen alde» oihuak behin eta berriro errepikatu ditu furgoneta barruko esatariak, giroa berotzen zen bitartean. Eskuak gora jasota, umore onarekin, saltoka eta hunkituta hartu dute askok mezu ezkutua barruan gordeta duen testigua. 09:20 aldean Azkoitiko Udaleko ordezkariek azpeitiarrei eman diete lekukoa. Gero eta gutxiago falta da Korrika Gasteiza iristeko. Igandean festa handia egingo dute Gasteizko kaleetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide