Gerra Zibileko eta Frankismo garaiko liburua idatzi du Ione Zuloagak

Maxixatzen.eus 2019ko api. 5a, 18:07
Ione Zuloaga Muxika azkoitiarra, behean, ezkerretik bigarrena. Liburuaren aurkezpen ekitaldia, Alegiako kultur etxean. (Argazkia: Tolosaldeko Ataria)

Aranzadi Zientzia Elkarteko Ione Zuloaga Muxikak 'Alegia, Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan 1936-1945' liburua idatzi du.

Azkoitiarrak Gerra Zibilean eta ondorengo Frankismoan Alegian bizitako zapalkuntza eta errepresioak jaso ditu liburuan. Zuloagak bere lehen liburuaren nondik norakoak azaldu dizkio Maxixatzeni:

 

«Egungo sozietateak berriro garai hartako gertakari krudelak ez errepikatzeko lan tresna gisa erabil daiteke liburua»

 

Nolako esperientzia izan da liburua sortzea?

«Oso esperientzia aberasgarria izan da. Alegiako herritarrak beti egon dira laguntzeko prest. Artxibo lanaz gain, elkarrizketak egin ditugu, eta beraz, beti alegiarrekin hartu-emanean jardun dugu proiektua osatu ahal izateko.

Zer kontatzen da liburuan?

Liburua proiektuaren amaiera da, nolabait horrekin Gerra Zibilean eta diktadura frankistan zehar errepresioa jasan zuten alegiarrei erreparazioa ematea bilatzen da; pasatu zena jakiteak eta plazaratzeak, urte luzeetan zehar utzi ez dioten egi hori berreskuratzen laguntzen baitu.

Eta hori funtsezkoa dela uste al duzu?

Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileoi oso garrantzitsua iruditzen zaigu gaur egungo gazteei zati historiko anker horren berri ematea, azken finean, hori ezagutu eta aldi berean lantzeak, hura ez errepikatzea eta beraz, sozietate justuago bat osatzeko bide ematen baitu. Liburu hau ez da gorrotoak sortzeko bide bat. Egia azalera ateratzea eta sufritu zutenei erreparazio txiki bat ematea da helburua. Gaur egungo sozietateak berriro garai hartako gertakari krudelak ez errepikatzeko lan tresna gisa erabil daiteke.

Nolatan izan duzu Alegiako zati historiko horri buruz idazteko aukera?

Aranzadi Zientzia Elkarteak urte batzuk daramatza Euskal Herriko zenbait herritan egia, justizia eta erreparazioa bide horrelako proiektuak aurrera eramaten, esaterako, Azpeitian horrelako proiektua aurrera eraman zen eta liburua 2016an argitaratu zen.

Alegian, zehazki, bertako Udalak behar berezia zegoela sentitu zuen bere herritarrengan, hau da, errepresioa jasan zuten alegiarrek egia, justizia eta erreparazioa behar zutela. Bide horretatik abiatuta, Alegiako Udala Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan jarri zen, metodo zientifikoa erabiliz taxuzko ikerketa bat egin ahal izateko. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin batera, proiektua martxan jarri zen. Eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hori burutu ahal izateko kontratatu ninduen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide