'Holz und Blech' musika elektronikoaren festa zapatuan, Zizu zenaren omenez

Maxixatzen.eus 2019ko api. 4a, 09:02
Iaz egindako bazkarian, lagunak eta senideak. (Argazkia: Hitza)

Holz und Blech —Egurra eta Txapa— musika elektronikoaren jaialdia egingo dute zapatuan, apirilak 6, herriko kale eta tabernetan. Zuhaitz Urain 'Zizu' zena musika elektronikoaren sustatzaile nagusienetakoa izan zen herrian, eta haren omenez laugarrenez antolatu dute aurten Holz und Blech festa.

Joseba Jatetxean bazkaria egingo dute hainbat lagunek, eta gero musika elektronikoaren emanaldian izango dira han eta hemen. Guztira hamahiru musikarik eta musika jartzailek parte hartuko dute Holz und Blech jaialdian. Musika elektronikoak izango du protagonismoa herrian, zapatuan; Matadeixen eta Dean, Zakela eta Txalintxo tabernak izango dira jaialdiaren guneak. Matadeixen emango diote hasiera jaialdiari. 17:00etatik 22:00etara bitartean, Galiano eta Hamid arduratuko dira musikaz.

22:00etatik aurrera, berriz, Dean, Zakela eta Txalintxo tabernek hartuko dute Matadeixen lekukoa. Dean tabernan, Munizzio, Goiko eta Juantxi izango dira musika jartzaileak 22:00etatik 04:00etara arte. Zakela tabernan ere ordutegi bera izango du jaialdiak, eta Krakobia, Beba, Depression eta Panda arituko dira; Txalintxo tabernan, berriz, 22:00etatik 06:00etara luzatuko da jaialdia, eta Xugua, Elektropeña, Alexander Loop eta Anartz DJek jarriko dute musika.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide