Kolore berriarekin dator Azkoitri Triatloi Kluba

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 30a, 11:25
Azkoitri Triatloi Klubeko kideak, aurkezpenean. (Argazkia: Maxixatzen)

Indarrak berrituta, denboraldi berria hasteko gogotsu dira Azkoitri Trialtloi Klubeko kirolariak. Gaur, zapatua, kolore berriarekin aurkeztu dute kluba, Oteiza pilotalekuetan. Denboraldi berriari 30 kiderekin hastea espero dute triatloi klubeko ordezkariek.

25 triatloi lizentzia ditu tramitatuak gaur-gaurkoz Azkoitri Triatloi Klubak, baina uztailera bitartean «ziurrenik beste bost gehiago» izango direla adierazi du Aitor Beneitez klubeko ordezkariak. Bost taldekide berri ditu Azkoitri Triatloi Klubak: Paul Elorza azkoitiarra, Iñaki Soto, Kepa Castro, eta Andoni Aranaga  —Euskaltel Euskadiko txirrindulari profesional ohia— azpeitiarrak eta Sathya Paz zestoarra. Guztira hamar dira Azkoitri Triatloi Klubean aurten arituko diren azkoitiarrak.

Koloreak aldatuta

Azkoitri Triatloi Klubak itxuraldatuta hasiko du denboraldi berria. 2011tik zuri-beltza izan den taldea berde kolorekoa izango da aurrerantzean. Hurrengo bi urteetarako, gainera, zazpi babesle izango dituztela jakinarazi dute: Biele, Domusa, Ibargoi, Tien 21 Larramendi, Txintxu, Sidenor eta Errotaundi.

Duatloi herrikoia, udan

Azkoitiko Duatloi Herrikoia udan izango da aurten ere. Ekaina eta uztaila artean antolatzeko asmoa dutela aurreratu dute antolatzaileek, baina oraindik ezer zehaztu gabe dutela jakinarazi dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide