Xabier Munibe kalea berriro erabilgarri, ostiraletik aurrera

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 27a, 16:05

Ostiral honetan, martxoaren 29an, zabalduko da Xabier Munibe kalea ibilgailuentzat, berrikuntza lanen ostean.

Itxura berria du kaleak. Kiroldegiko biribilgunetik, alegia Gamundi etxe paretik, Elkarguneko tunel pareraino doan errepide zatiko zoladura aldatu da eta irisgarritasuna bermatzeko, errepidearen eta espaloien arteko kotak berdindu dira. Halaber, bidegorria eraiki da bi noranzkoetan, txirrindulariek Elkarguneko tunela ez zeharkatzeko eta horrela, segurtasuna areagotzeko.

Hobekuntza lanak otsailaren 11n hasi ziren eta lanen iraupena lau hilabetekoa izatea aurreikusten zen arren, azkarrago amaitu dute egin beharrekoa. Gaur Javier Zubizarreta alkatea lanak ikusten izan da eta langileak zoriondu ditu «lanak txukun eta azkar egiteagatik, herritarrei ahalik eta traba gutxien eraginez».

Egurki enpresa suertatu zen esleipenduna eta berak burutu ditu obrak. Lanen aurrekontua 228.482,29 eurokoa da BEZ barne.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide