Udaberri Idi Dema Saria jokatuko dute bi egunetan, Gurean

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 22a, 18:54
Artxiboko irudia. (Argazkia: Ibon Errazu)

Probazale Elkarteak antolatuta, kintopeko Udaberri Idi Dema Saria hasiko da datorren astelehenean, martxoak 25. Probak bi egunetan jarraian izango dira, eta guztira zazpi idi pare lehiatuko dira. Hauek izango dira partaideak: Izeta, Barriola, Matxain, Oliden, Soarte, Galder Bolaño eta Iñaki Lopategi. 1.600 kiloko Ipintza harria lotuko diete idi-pare guztiei.

Astelehenean, 21:30etatik aurrera, Orioko Oliden, Elgoibarko (Gipuzkoa) Soarte, Errenteriako (Gipuzkoa) Matxain eta Laudioko (Araba) Galder Bolaño ariko dira probalekuan. Asteartean, berriz, 22:00etatik aurrera, Asteasuko (Gipuzkoa) Barriola, Aiako Izeta eta Mungiako (Bizkaia) Iñaki Lopategi lehiatuko dira.

Idi pareek 1.600 kiloko Ipintza harria eraman beharko dute, gutxienez. Eta 1.100 kilotik pasatzen diren idiei kilo bakoitzeko kilo eta erdi gehiagoko zama jarriko zaie harriaren gainean.

Partaide guztiek 30 minutuz bultza beharko diote harriari, eta asteleheneko eta astearteko saioen artean plaza gehien egiten dituenak eskuratuko ditu aurtengo mantak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide