21. Korrika

Ostiralean amaituko da Korrikako kilometroa erosteko epea

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 13a, 13:10
2017ko Korrikako irudi bat. (Argazkia: Maxixatzen)

Datorren ostiralean, martxoak 15, amaituko da 21. Korrikako kilometroa erosteko epea. 

Ostirala, martxoak 15, da 21. Korrikako Azkoitiko kilometroa erosteko azken eguna. Azkoitiak 16 kilometro edo zati izango ditu aurtengo ibilbideak, eta dagoeneko 12 daude salduta. Lau kilometro besterik ez dira gelditzen Azkoitiko ibilbidea osatzeko. Kilometro osoaren prezioa 425 euro da, eta erdia 213 euro. Kilometroa erosi nahi duenak, AEKren 607 612 697 telefono zenbakira deitu edota Kultur Etxeko AEKren bulegora joan beharko du, asteburuaren aurretik. 

21. Korrika apirilaren 12an, 09:00ak inguruan pasatuko da Azkoititik. Elgoibartik iritsiko da Korrika, eta elgoibartarren eskutik Azkaraten jasoko dute azkoitiarrek lekukoa. Azkarate aldapan behera egingo dute herriko hainbat talde azkoitiarrek, eta herrigunera Floreaga aldetik iritsiko da. 08:59an, Baztarrikalde atzetik —Tekla— pasatuko da Korrika, eta Aizkibel kaletik inguratuko du Floreaga Ikastetxea. Jarraian, Zuazola kalera hartuko du bidea lasterketak, Xabier Munibe Ikastolaren albotik pasatuz. Auzmendik Bidetik jarraituko du aurrera, eta Xabier Munibe Haurreskola albotik Trino de Uria kalera sartuko da.

Trino de Uria kaletik, Ibai Ondo kalera bideratuko da Korrika, eta kalea zeharkatuko du eliz atarian dagoen biribilgunera iritsi arte. Biribilgunean gaur errepideak Ertzain etxera daraman bidea hartuko du, eta Geltoki jatetxe paretik behera, Julio Urkixo Etorbideko zuzengunera sartuko da. Etxe-Zuri baserriaren alboan dagoen biribilgunera iritsiko da jarraian lasterketa, eta segidan Azpeitirako bidea hartuko du. Azkoitiak Munategin emango dio lekukoa Azpeitiari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide