Hector Sanchezek XX. Eire-Bankoa Txapelketa irabazi du

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 11a, 19:00
Hector Sanchez, finalean. (Argazkia: Asier Imaz)

Hector Sanchez (Azkoitia, 1993) Anaitasuna Kakute Xake Taldeko jokalariak XX. Eire-Bankoa Txapelketa irabazi du. Atzo, igandea, Urretxun jokatu zen finala.

Hector Sanchez xake jokalari azkoitiarrak XX. Eire-Bankoa Txapelketa irabazi zuen atzo, igandea, Urretxun. Markel Vesga gaztea izan zuen aurkari Sanchezek. Giro ezin hobea izan zen finalean, zale asko gerturatu baitzen azkoitiarraren eta txapelketan ezustea eman duen Vesga gaztearen arteko finala ikustera.

Berdinketa Lehen Mailan

Lehen Mailako xake jokalariek berdindu egin zuten, Legazpin. Santikutz taldearen aurka jokatu zuten, eta bina amaitu zen lehia. Hector Sanchezek irabazi egin zuen, Anibal Fernandezek eta Jose Joaquin Larrañagak berdindu egin zuten, eta galdu egin zuen Jon Kuendek. Taldeak lider jarraitzen du 26 punturekin. Idiazabal bigarren sailkatuak 23 puntu ditu, eta Santikutz hirugarren sailkatuak 22,5 puntu. Bi erronda besterik ez dira gelditzen liga amaitzeko, eta datorren zapatuan azkoitiarrek Hernani jasoko dute Kultur Etxean, 16:00etan. Denboraldia Arrasaten amaituko dute Anaitasuna Kakute Xake Taldekoek; sailkapenean atzetik dauden taldeek, berriz, euren artean neurtu beharko dituzte indarrak.

Aukerarik gabe Hirugarren Mailan

Gipuzkoako Hirugarren Mailan taldeka aritu den taldea aukerarik gabe gelditu da, bederatzigarren erronda jokatu ondoren. Anaitasunak 1,5-2,5 galdu zuen etxean Arrasateren aurka, eta ondorioz, laugarren postura erori da; igoera fasera sailkatzeko aukerarik gabe gelditu dira azkoitiarrak. Denis Valorrek lortu zuen garaipena, Juan Carlos Valorrek berdindu egin zuen, baina Judith Goenagak eta Imanol Larrañagak galdu egin zuten. Anaitasuna Kakuteko Zuzendaritzak eskertu egin du taldeak egin duen talde lana. «Behetik gora egin du taldeak, konfiantza irabazi dute», azaldu du Zuzendaritzak. Bide batez, Gaizka Alberdi kapitaina zoriondu du, «lehentasun handiagoa eman diolako parte hartzeari, jokoaren minutuei eta taldeari, kalitateari eta emaitzei baino», gehitu du. Nabarmendu du Hirugarren Maila «ikasteko» eta «jokoa probatzeko» dela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide