«Azkoitia herri txikia izanda, zaila da horrelako laukote bat fortunatzea»

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 5a, 10:37

Urko Artola, Enaitz Osa, Eritz Etxaniz eta Joanes Txurruka Zubiaurre Igeri Elkarteko kideak Espainiako Txapelketara sailkatzear dira. Bi segundo eskasera dute Espainiako Txapelketan parte hartu ahal izateko gutxieneko denbora. Izan ere, joan den otsailean jokatu zuten Euskal Herriko Txapelketa, eta estilo libreko 4×100 metroko proban erreleboka lehen postua lortu zuten. Hori dela eta, lau igerilari azkoitiarrak elkarrizketatu ditu Maxixatzenek:

 

Euskal Herriko Txapelketan bilbotarrak, donostiarrak, gasteiztarrak eta iruñarrak tartean ziren, eta azkoitiarrak nagusitu dira. Egindakoa ez da makala igeriketa munduan. Nolako balorazioa egiten duzue zuek?

Balorazio oso ona egiten diogu egin dugun lanari.

Espero al zenuten Euskal Herriko txapelketa irabaztea?

Zaila iruditzen zitzaigun txapelketa hori irabaztea. Hala ere, bagenekien aukerak genituela, besteak beste, Gipuzkoan lehenak geratu ginelako.

Eta orain oso gertu duzue elkarrekin Espainiako Txapelketarako sailkapena lortzeko aukera. Gutxieneko denbora lortzeko aukera noiz izango duzue?

Bai halaxe da, eta lorpen hori, uda aldean egitea da gure helburua. Zubiaurrerentzat garrantzi handia izango luke hori lortzeak, oraindik erreleborik ez duelako klubak sekula eman Espainiako Txapelketara.

Denbora hobetzeko aukerarik ikusten al duzue?

Egia esan errelebo bikaina irten zen, eta zaila iruditzen zaigu denborak jaistea, baina ahaleginduko gara, gogor saiatuz. 

Hori lortzen saiatzeko entrenamendu berezirik egin beharko al duzue?

Orain arte egin ditugun entrenamendu antzekoak egiten jarraituko dugu.

Oso zaila izaten al da horrelako laukote bati eustea igeriketan?

Bai, Azkoitia herri txiki bat izanda, zaila da horrelako laukote bat fortunatzea.

Beste kirol batzuetan ere ibiltzen al zarete?

Enaitz Osak eta Urko Artolak ez dute bestelako kirolik egiten. Joanes Txurrukak, berriz, lehen txirrindularitza praktikatzen zuen, aurtengo denboraldira arte. Eta Eritz Etxaniz futbolean aritzen da, eta horregatik, astean bi saio galtzen ditu.

Inplikazio asko eskatzen al du igeriketak zuen mailan lehiatzeko?

Bai, ordu asko dira entrenatzen.

Astean zenbat orduz entrenatzen duzue?

Astean bost aldiz entrenatzen dugu, eta egun bakoitzean bi ordu saioa egiten dugu.

Nolako baldintzetan entrenatzen duzue?

Espazio aldetik, arazo handiak ditugu: bost kale baino ez daude eta ez dira igeri taldekoak igerian ibiltzen diren bakarrak. Izan ere, herriko jende asko ibiltzen da, eta umeei eta helduei bideratutako eskolak ere ugari izaten dira. Batzuetan kaleko 5-10 pertsona egoten gara, eta ez da oso erosoa izaten horrela igerian egitea. Oso baldintza txarrak dira.

Orokorrean, maila ona al dago zuen txapelketetan?

Euskal Herriko Txapelketan beti egoten da maila handia. Orokorrean, oso lehia estua dago.

Espainiako Txapelketan parte hartzen baduzue, zein izango dira zuen helburuak?

Nahikoa egingo dugu Espainiako Txapelketara iristearekin, eta ez dugu helburu gehiagoren beharrik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide