'Goenatxo III.a' txapeldun, 'Txikia IV.a' bigarren

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 3a, 09:44
Jon Unanue 'Goenatxo III.a', txapelarekin. (Argazkiak: Ibon Errazu)

Jon Unanue 'Goenatxo III.a'-k harri-jasotzaile azkoitiarrak Viña Laguardia Bi Harria txapelketako txapela jantzi zuen atzo, zapatua. Julen Alberdi 'Txikia IV.a' aizkolari azkoitiarra, berriz, bigarren sailkatu zen. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zituzten txapelketak.

Jon Unanue 'Goenatxo III.a'-k Viña Laguardia Bi Harria txapelketa irabaztea lortu zuen Aimar Galarraga harri-jasotzaileak baino altxaldi bat gehiago eginda. Azkoitiarrak 3.075 kilo altxatu zituen 19 altxalditan. Galarraga bigarren sailkatuak, aldiz, 2.995 kilo altxatu zituen, 18 altxalditan.

Julen Alberdi 'Txikia IV.a'-k, berriz, bigarren amaitu zuen txapelketa. Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa Nafarroara joan zen. Iker Vicente eta Ruben Saralegik osatutako bikoteak lortu zuen txapela, lana 27 minutu eta 9 segundoan amaituta. Aizkolari azkoitiarra, Aitzol Atutxa aizkolari dimoztarrak lagunduta, bigarren gelditu zen. Bikotearen denbora 28 minutu eta 15 segundokoa izan zen. Lana hirugarren amaitu zuten Larrañagak eta Otañok. 29 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide