'Goenatxo III.a' eta 'Txikia IV.a', Azpeitiko finalean

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 27a, 13:00

Jon Unanue 'Goenatxo III'. (Argazkia: Ibon Errazu)

Jon Unanue 'Goenatxo III.a' harri-jasotzaile eta Julen Alberdi 'Txikia IV.a' aizkolari azkoitiarrek finalak jokatuko dituzte datorren zapatuan, martxoak 2, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. 17:30etik aurrera, 'Goenatxo III.a'-k Viña Laguardia Sariko 2 Harria Harri-jasotze Txapelketako finala jokatuko du, eta 'Txikia IV.a' aizkolariak Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finala.

Jon Unanue 'Goenatxo III.a' (Azkoitia, 1992) Viña Laguardia Sariko 2 Harria Harri-jasotze Txapelketaren finalera sailkatu zen urtarrilaren 12an, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 175 kiloko laukizuzenarekin eta 150 kiloko kubikoarekin bederatzina jasoaldi egin zituen Jon Unanuek, txapelketako altxaldi gehien eginez. Datorren zapatuan, martxoak 2, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Aimar Galarraga eta Xabier Aranburu 'Guzta' izango ditu aurkari harri-jasotzaile azkoitiarrak. Orain arte egindako lana errepikatu beharko dute hiru finalistek.

Aitzol Atutxa aizkolari dimoztarrarekin bikotea osatuta, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finala jokatuko du zapatuan Julen Alberdi  'Txikia IV.a' (Azkoitia, 1991) aizkolari azkoitiarrak. A multzoan aritu ziren Alberdi eta Atutxa, Larrañaga eta Otaño eta 'Arria V.a' eta Rekondo bikoteekin batera. Bi kanporaketak irabazi zituzten azkoitiarrak eta Atutxak, eta horrenbestez, zapatuan Azpeitian jokatuko den finalerako sailkapena lortu zuten. Finalean aurkari izango dituzte Iker Vicente eta Ruben Saralegi eta Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga. Orain arte 26 enbor moztu behar izan dituzte lau izaeretan, baina finalean 60"-ko bi enbor gehiago moztu beharko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide